Galdera:
Nola itzul dezaket “camisa de once varas” esamoldea?
Erantzuna:
Aukera bat baino gehiago dago esamolde hori itzultzeko. Intza proiektua deituriko webgunean euskal lokuzioak bilatzeko aukera daukagu eta hauexek dira goian aipaturiko esamoldea itzultzeko eskaintzen dizkigun ordainak:
- Besteren mahaian agindu
- Auzoko ateak(k) ixtera joan
- Besteren bodara joan
- Hamaika kanatako kamisan sartu
- (Inoren) praketan sartu
- Zazpi baratako atorran sartu.
Ordain bakoitzaren erabilera eta adibideak ikusteko webgunean sartu beharko duzu edota Koldo Izagirreren Euskal Lokuzioak liburua kontsultatu. Hala ere, bat kontsultatzekotan, hobe duzu webgunea begiratzea liburua baita beronen abiapuntu eta oinarria, baina osagarri garrantzitsuz hornitua. Alde batetik, liburu hartan bilduriko materiala ikuskatu, zuzendu eta txukundu egin dute, eta, bestetik, sarrera eman zaie han eta hemen ahozko jardunetik eta idatzizko hainbat iturritatik jasoriko lokuzioei.
Informazio iturriak:
Mokoroa, Justo: Ortik eta Emendik (1990)
Izagirre, Koldo, 1981, Euskal lokuzioak, Donostia: Hordago.
Data: 2005/01/17