Galdera
Zalantza hau sortu zait:
Etxeko lana egiten hasi naiz edo egiten hasi dut?
Nik egiten hasi naiz erabiltzen dut, baina…
Erantzuna
– Etxeko lana egiten hasi naiz da zuzena, beraz ongi erabiltzen duzu. Beste egitura hau ere erabil daiteke, nahiz eta horren “naturala” edo ohikoa izan ez:
– Etxeko lana hasi dut.
HASI aditzarekin osatutako esaldiak bi eratakoak izan daitezke:
– ZERTAN hasi? galderari erantzuten diotenak.
– ZER hasi? galderari erantzuten diotenak.
Adibidez:
– Tarta jaten hasi gara. ZERTAN hasi gara?
– Tarta hasi dugu. ZER hasi dugu?
– Beste liburu bat irakurtzen hasi naiz. ZERTAN hasi naiz?
– Beste liburu bat hasi dut. ZER hasi dut?
Okerrak dira bi egitura hauek gurutzatuz sortutako hibridoak:
– *Etxeko lana egiten hasi dut.
– *Etxeko lana hasi naiz.
– *Tarta jaten hasi dugu.
– *Tarta hasi gara.
– *Beste liburu bat irakurtzen hasi dut.
– *Beste liburu bat hasi naiz.
ZERTAN HASI? galderari erantzuteko -t(z)en darabilgu; hala ere, horrelako esaldiak maiz entzuten ditugu:
-Eskolan hasi naiz
-Lanean hasi naiz
-Jaurlaritzan hasi naiz
-AEKn hasi naiz
Esaldi horiek guztiek ez al diote NON galderari erantzuten? Zuzenak dira? Hala bada, zenbait testuingurutan NON galdera ZERTAN galdera ordezka dezake? Edo esaldiak erdarakadak dira?
Kaixo, Asier:
Zuzenak dira esaldi horiek guztiak, eta oso erabiliak.
Eskerrik asko ekarpenagatik, blogeko sarrera osatzen laguntzen baitu.