Galdera
“Ekitera pasa behar dugu” esaldia zuzena da euskaraz? Hurrengo mobilizazioak direla eta, sindikatuetatik bidalitako mezu batean agertzen da.
Erantzuna
Ematen du esaldi hau kalko okerra dela. Gaztelaniaz ez dakien euskaldun batek nekez ulertuko luke, seguruenik. Gaztelaniazko “pasar a la acción” slogan edo leloaren kopia zuzena dateke, eta erabat erdal kutsukoa dirudi.
Ideia hori beste modu batera eman beharko litzateke euskaraz. Maiz, zaila izaten da oso bi hizkuntzatan pare-pareko esapideak topatzea. Hona hemen, ideia hori adierazteko egokiak izan litezkeen ordain batzuk:
- Mobilizatu beharrean gaude / Mobilizatu egin behar dugu.
- Ekintzak egiteko unea heldu zaigu.
- Mobilizazioak egiteko garaia da.
- Mobilizatzeko unea da.