Galdera
Azkenaldian “Eraso gehiagorik ez!” esaldiaren antzeko asko ikusi izan ditut pankarta eta karteletan. Okerra da, ezta? “Gehiago erasorik ez!” egongo litzateke ongi, ezta? Nondik dator akats hori?
Erantzuna
Lelo bat da “Eraso gehiagorik ez!, eta zuzena da, gure ustez. “Eraso gehiago ez!” bezalakoxea da, baina partitiboa erantsi diogu indartzeko asmoz. Esaldi luzeago batetik aterata dago: “Ez dadila eraso gehiago(rik) gerta!”. Tokiaren arabera, partitiboa erabiltzeko joera handiagoa dago. Zenbat eta mendebalderago erabiliagoa da eta, adibidez, “gehiago” horrekin, nahiz eta beharrik izan ez, erabiltzen dute.
Lelo horren tankerakoak dira aspaldi honetan maiz entzun zein irakurri ditugun: “Murrizketa gehiagorik ez!”, “Atxiloketa gehiagorik ez!”, “Gezur gehiagorik ez!” eta abar.
Bestalde, zuk aipatu duzun Gehiago erasorik ez! ere zuzentzat emango genuke, baina bere soiltasunagatik-edo arrotzagoa egiten zaigu. Nolanahi ere, iruditzen zaigu alde edo ñabardura txiki bat badagoela bi leloen artean. Honatx:
-
“Eraso gehiago(rik) ez! = “Ez dadila eraso gehiago(rik) gerta!”
-
“Gehiago erasorik ez!” = “Ez dadila erasorik gerta gehiagotan!”
Bigarren lelo hori beste honen antzekoa dela uste dut: “Ez gehiago etorri niregana!”. Adibidez, beste honen laburpena izan liteke: “Ez gehiago(tan) etorri niregana kopla horiekin!”.