Etiketaren artxiboa: aditz erregimena

“Laguntzen ari zatzaizkit” zuzena da?

Galdera:

Zalantza pare bat galdetu nahi dizuet:

  • “Laguntzen ari zatzaizkit” esaldia zuzena da ‘Me estás ayudando’ esateko?
  • Zuzena bada, ez al da oso jasoa?

Erantzuna:

“Laguntzen ari zatzaizkit” zuzena da eta, zuk ongi diozun moduan, ‘Me estás ayudando’ esan nahi du. “ZU NIRI laguntzen ari zatzaizkit” da esaldi osoa, nahiz eta ZU NIRI esan edo idatzi beharrik ez dagoen “zatzaizkit” forman ongi islatuak daudelako bi pertsonak. “zatzaizkit” adizkia NOR-NORI motakoa da eta, adierazi bezala, ZU NIRI pertsonei dagokie.

Beste kontu bat da erregistro jasokoa den irudipena izatea. Ez gaude ohituta NOR-NORI motako adizkiak  ―”zatzaizkit”, “zatzaizkigu”, “gatzaizkizu”, “gatzaizkie”, “zatzaizkidate”, “zatzaizkigute”― erabiltzera. Oso gutxitan baliatzen ditugu, eta irakurri edo entzun ere gutxitan.

NOR-NORI motako beste hauek, ordea, ohikoak dira eta geuri ere erraz ateratzen zaizkigu: “zait”, “zaizkit”, “zaigu”, “zaizkigu”, “zaizu”, “zaizkizu”… Seguruenik ez ligukete zalantzarik sorraraziko “Laguntzen ari zait” edo “Laguntzen ari zaizkit” esaldiek. 

Ohituran datza desberdintasun bakarra:

– ZU NIRI laguntzen ari zatzaizkit (= Laguntzen ari zatzaizkit).

– IZARO NIRI laguntzen ari zait (= Laguntzen ari zait).

– IKASLEAK NIRI laguntzen ari zaizkit (= Laguntzen ari zaizkit).

Bukatzeko, esan behar dizugu “ZU NIRI laguntzen ari zatzaizkit” esaldiaren parekoak beste moduren batean adierazi ohi ditugula normalean —batik bat ahozkoan—. Esate baterako, seguruenik gehienok honela esan ohi dugu: “ZU NIRI laguntzen ari zara”.

Honatx antzeko adibide bat:

– Zu niri laguntzen ari zaren bitartean, besteak lo daude (= Zu niri laguntzen ari zatzaizkidan bitartean, besteak lo daude).

“didazu” ala “nauzu”?

Galdera:

Zenbait aditzekin zalantza sortzen zait aditz laguntzailea hautatzeko garaian. Adibidez bi kasu hauetan:

entzuten didazu edo entzuten nauzu da zuzena?

deituko didazu edo deituko nauzu da zuzena?

Argituko didazue bi laguntzaileetako zein den zuzena? Milesker!!

Erantzuna:

Bai deitu bai entzun aditzak NOR-NORK motako laguntzailearekin edo NOR-NORI-NORK motako laguntzailearekin joka daitezke. Bi erregimenak dira zuzenak. Oro har, NOR-NORK laguntzailearekin Iparraldeko hiztunek jokatu ohi dituzte: “Ane deitu dut” eta “Entzun nazazu, mesedez” esate baterako. Hegoaldeko hiztunek, berriz, NOR-NORI-NORK motako laguntzailearekin jokatu ohi dituzte: “Aneri deitu diot” eta “Entzun iezadazu, mesedez“.

Bi jokabideak zuzenak izan arren, ez da komeni testu berean biak nahastea. Hau da, jokabide bat hautatu eta hari jarraitzea gomendatzen da.

deitu eta entzun aditzez gain, honako beste hauek ere euskalkien araberako erregimen bikoitza dute zilegi: lagundu, abisatu, bakean utzi, ohartarazi, sinetsi. Beraz, zuzenak dira hauek guztiak: “Etxeraino lagundu ninduen/zidan“, “Abisatu zaitut/dizut“, “Bakean utzi nau/zidan“, “Berak ohartarazi gaitu/digu, gu ez gara konturatu“, “Ez zaitut/dizut sinesten“… 

Halaxe ageri da Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuan, lagundu kontsultatuta.