Etiketaren artxiboa: Euskara Batuaren Eskuliburua

“didazu” ala “nauzu”?

Galdera:

Zenbait aditzekin zalantza sortzen zait aditz laguntzailea hautatzeko garaian. Adibidez bi kasu hauetan:

entzuten didazu edo entzuten nauzu da zuzena?

deituko didazu edo deituko nauzu da zuzena?

Argituko didazue bi laguntzaileetako zein den zuzena? Milesker!!

Erantzuna:

Bai deitu bai entzun aditzak NOR-NORK motako laguntzailearekin edo NOR-NORI-NORK motako laguntzailearekin joka daitezke. Bi erregimenak dira zuzenak. Oro har, NOR-NORK laguntzailearekin Iparraldeko hiztunek jokatu ohi dituzte: “Ane deitu dut” eta “Entzun nazazu, mesedez” esate baterako. Hegoaldeko hiztunek, berriz, NOR-NORI-NORK motako laguntzailearekin jokatu ohi dituzte: “Aneri deitu diot” eta “Entzun iezadazu, mesedez“.

Bi jokabideak zuzenak izan arren, ez da komeni testu berean biak nahastea. Hau da, jokabide bat hautatu eta hari jarraitzea gomendatzen da.

deitu eta entzun aditzez gain, honako beste hauek ere euskalkien araberako erregimen bikoitza dute zilegi: lagundu, abisatu, bakean utzi, ohartarazi, sinetsi. Beraz, zuzenak dira hauek guztiak: “Etxeraino lagundu ninduen/zidan“, “Abisatu zaitut/dizut“, “Bakean utzi nau/zidan“, “Berak ohartarazi gaitu/digu, gu ez gara konturatu“, “Ez zaitut/dizut sinesten“… 

Halaxe ageri da Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuan, lagundu kontsultatuta.

Zuzenak dira “lau urtetan behin”, “lau urtean behin” eta “lau urtero”?

Galdera:

Egun on. Hauetako zein dago ondo: “lau urtetan behin”, “lau urtean behin”, “lau urtero”?

Erantzuna:

Maiztasuna adierazteko aipatu dituzun hiru aukeren artean, Euskaltzaindiak bakarra onesten du euskara baturako: “lau urtean behin” hain zuzen ere. 110. arauan du arautua afera hau.


a) Inesiboan —NON kasuan— forma mugatua hobesten du; beraz, “lau urtean behin”, eta ez mugagabea den “*lau urtetan behin”.

b) Bestalde, “*lau urtero” bezalako sintagmak ere okertzat jo ditu. [zenbatzailea + izena + -(e)ro] egiturak ez dira egokiak: “hamabost egunero”, “bi astero”,  “zortzi orduro”… 

Zuzenak dira, ordea, [izena + -(e)ro] egiturak: “egunero”, “hamabostero”, “astero”, “orduro”…

c) Bukatzeko, honatx maiztasuna adierazteko beste modu egoki batzuk:

lau urtez behin
lau urtetarik behin lau urtetarik lau urtetara
lau urterik behin lau urtetik behin lau urtetik lau urtera

Informazioa zabaldu nahi baduzu, sar zaitez Euskaltzaindiak argitaratutako Euskara Batuaren Eskuliburua argitalpenean, zenbatzaileak eta maiztasuna izeneko sarreran.