Etiketaren artxiboa: maiuskulak

Irakasgaien izenak letra larriz?

Galdera:

Kaixo:

Nire zalantza da irakasgaien izenetan lehenbiziko letrak larria izan behar duen edo ez. Esate baterako: “Ikasturte honetan Natur Zientzietan helburu hauek ditugu” edo “Ikasturte honetan Natur zientzietan helburu hauek ditugu”? Alegia, zientziak hitza letra xehez ala larriz?

Erantzuna:

Maiuskulen erabilera dela-eta sortzen zaizkigun zalantzak argitzeko, oso erabilgarria da LETRA LARRIAK erabiltzeko irizpideak argitalpena. Bertan, 57. orrialdearen amaieran dator erantzunda zure galdera. Hauxe dator hitzez hitz:

Letra larriz hasita idazten dira hezkuntza-mailen izendapenen osagai nagusi guztiak, eta berdin ikasketen, irakasgaien, zehar-lerroen, heziketa zikloen, lanbide-arloen, materien eta, oro har, jakintza-alor guztien izendapenen osagai nagusi guztiak. Moduluak eta lantegiak dira salbuespenak, oso izenburu luzeak izaten baitituzte maiz; horregatik, haien lehenengo hitzaren lehen letra baino ez da larriz idazten”. 

Argigarriak dira, argitalpen horretan bertan, 58. orrialdean hain zuzen ere, datozen adibide guztiak. Guk hona irakasgaien izenak barne dituzten adibideak ekarri ditugu:

  • Bihar, Biologiako azterketa dugu. 
  • Gaur ez da etorri Zuzenbide Zibileko irakaslea.
  • Mirenek Zirkuituen Teoria [irakasgaia] ematen du.
  • Idoia dugu Sexu Berdintasuneko irakaslea. 
  • Atzerriko Hizkuntza eta Hezkuntza Plastikoa irakasgaiak.

Adibide horien arabera, bi osagaiz edo gehiagoz osatutako izenak direnean, osagai guztiak idatzi behar dira maiuskulaz; beraz: “Euskara eta Literatura”, “Biologia eta Geologia”, “Fisika eta Kimika”…

Ondorioz: Natur Zientziak da zuzena, eta ez Natur zientziak.