Galdera:
Gure ikastetxean jadanik etorkin ugari ditugu, A ereduan gehiago D ereduan baino. Jakin nahi nuke etorkinei euskara irakasteko material didaktikorik argitaratuta edo nonbaitetik lortzeko modurik badagoen.
Erantzuna:
Hainbat jende ari da materialak sortzen, baina gehiena elkarte batzuen eskuetan dago. 2005eko urtarrilean, haur etorkinei euskara irakasteko irakasleek sortutako material didaktikoen truke-erakusketa bat egiteko asmoa dago Bilbon, eta bertan hainbat material lortu ahal izango da.
Informazio gehiago edo parte hartzeko xehetasunak: bige@ehige.org
Gai honi buruz gehiago jakin nahi baduzu :
“BAT soziolingüistika” aldizkariak -2004ko iraileko alean, 52. zenb.- EUSKARA ETA ETORKINAK du gai nagusia. Alderdi soziolingüistikoaren ikuspegitik azterketa sakona egiten du etorkinen integrazioari buruz, etorkinak eta hizkuntzak eskolan, etorkinak euskal hezkuntzan…
http://www.habe.org. webgunean euskara bigarren hizkuntza bezala irakasteko hainbat material didaktiko aurki daiteke eta horietako batzuek etorkinei euskara irakasteko ere balio dute. AISA proiektua eta materialak, espresuki, etorkin helduei begira egina dago, baino hainbat kasutan molda daiteke.
http://www.ej-gv.es Eusko Jaurlaritzako web gunea. Hezkuntza Sailean sartuz gero, Hezkuntza Sailak ikasle etorkinen eskolatzeari begira kaleratu duen programa lor daiteke.
Baliagarria izango zaizulakoan, beste bat arte.
Dokumentuak:
EHIGE: bige@ehige.org
“Euskara eta etorkinak”, “BAT soziolingüistika” aldizkaria, 2004ko iraileko alean, 52. zenb.
Data: 2005/01/11