“Ez dut zertan egin” zuzena da?

Galdera

“Ez dut zertan egin” esapidearen inguruan zalantza handiak ditut. Nire ustez esapide hori okerra da eta euskaraz hori adierazteko modu egokiak honakoak dira:

– Ez dut egin beharrik.

– Ez dut zertan egin behar.

Jakin badakit, edo hala uste dut behintzat, Euskaltzaindiak esan duela “Ez dut zertan egin” esapidea dela zuzena eta hori erabili behar dela. Maiz ahalegindu naiz arau hori aurkitzen Euskaltzaindiaren arauen artean, baina ez dut inoiz topatu. Euskaltzaindiak horren inguruan ematen dituen azalpen eta argudioak irakurri nahiko nituzke, arau horren zergatia ulertzen saiatzeko.
Bidaliko zenidate, mesedez, arau horren esteka edo araua aurkitzeko argibiderik?

Erantzuna

Euskaltzaindiak bere gramatikan eman du horren azalpena. Hona hemen:

c. Zertan, zeren eta zer izenordainak dituzten perpaus jokatugabeak

(90) Ez dagok [zertan larritu], ez najok berialakuan arrapauko, buelta biterdiren bentajia jaroiat eta (San Martin, Zirikadak, 87).

(91) Ez dago [zertan hasi nor gehiagokoan] (Mitxelena, Euskal Idazlan Guztiak, 60)

(92) Tikiak badira eta tendriak (ilarrez arituz), ez duzu [zeren urik eman]

(93) Haren nofraiaz geroz ez duzu [zeren gehiago deus ere iguriki] (Duvoisin, Telemake, 1. lib.)

Adibide horien nolabaiteko parafrasia honelako zerbait litzateke:

(90’) Ez dagok [zertan larritu] ez dagok larritzeko arrazoirik
(91’) Ez dago [zertan hasi nor gehiagokoan]ez dago nor gehiagokoan hasteko arrazoirik edo beharrik
(92’) ez duzu [zeren urik eman] ez da urik emateko arrazoirik edo obligaziorik
(93’) ez duzu [zeren gehiago deus ere iguriki]ez duzu gehiago deus igurikitzeko
arrazoirik.

Iturria:

EUSKAL GRAMATIKA-LEHEN URRATSAK-VII (PERPAUS JOKATUGABEAK), 410-11. or.

Lagungarria izanen zaizulakoan, jaso gure agurrik beroena.

Kategoria Hizkuntza, etiketak , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.