Ezkerrera ala ezkerretara?

Galdera

Txartel bat prestatzen ari gara eta zalantza sortu zaigu. Nola esaten da, ezkerrera ala ezkerretara?

Erantzuna

Zenbait hitzek mugagabea hartzen dute leku-denborazko kasuetan deklinatzen direnean (NON, NORA, NONDIK…). Batez ere isurkariak edo zehaztu gabeko masak (URETAN, URETARA, ESNETARA, ELURRETARA, IZERDITAN…) izaten dira, baina badira bestelako hitzak ere. Haien artean daude, hain zuzen ere, EZKER eta ESKUIN hitzak:

Eskolara joateko, kale horretatik abiatu, eta, segituan, EZKERRETARA jo.

Euskaltzaindiari ezkerrean ala ezkerretan, zein erabili behar den galdetu zaionean, biak erabili izan direla esan du. Ikusi erantzuna ondorengo loturan: ezkerrean/ezkerretan.

Beraz, gauza bera egin daiteke adlatiboaren kasuan, NORA adierazten dugunean, alegia. Izenlaguna denean, berriz, beti singularrean deklinatu behar dugu:

Ezkerreko atea zabaldu dute.

Hiztegietan:

Hiztegi Batua,Elhuyar, Orotarikoa, Harluxet, Hauta Lanerako Euskal Hiztegia.

Iturriak:

Ilari Zubiri eta Entzi Zubiri, Euskal Gramatika Osoa, Didaktiker, Bilbo, 2000, 312 or.

Euskaltzaindia: Jagonet galde-erantzunak

Kategoria Hizkuntza, etiketak , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.