Galdera
Normalean jolastu gaitezen futbolean/ kartetan/ sokasaltoan… esaten dugu, baina ez da hain arraroa beste forma hauek entzutea ere: jolastu gaitezen futbolera/ kartetara/ sokasaltora… Azken forma hauek zuzenak al dira?
Erantzuna
FUTBOLEAN jolastu da zuzena euskaraz. Okerra da *FUTBOLERA jolastu, gaztelaniaren kalko okerra da. ZERTAN? galderari erantzun behar dio euskaraz, eta ez ZERTARA? galderari.
Beste kontu bat da jolastu egokia ote den ala beste aditzen bat erabili behar den. Tartean joko-arauak eta lehia daudenean, zuzenagoa da jokatu aditza erabiltzea. Hortaz, jokoaren arauak errespetatuz ari garenean, jokatzen ari gara. Haurrak, ordea, batik bat txikienak, askotan, futbolean ari direnean, arauei kasu handirik egin gabe ibiltzen dira; hau da, jolasean ibiltzen dira. Beraz, kasu horretan ez da okerra jolasten erabiltzea.
Ez ahantzi, gainera, jokatu eta jolastu aditzen ordez beste hauek ere erabil ditzakegula: ibili, aritu, jardun… Hau da: futbolean ibili, kartetan aritu, saskibaloian jardun…