Galdera
Zein da erabilera zuzena aditzari dagokionez perpaus honetan: “Ikastetxeak GABON ZORIONTSUAK ETA URTE BERRI ON opa DIZKIZUE” ala “Ikastetxeak GABON ZORIONTSUAK ETA URTE BERRI ON opa DIZUE“? Nire ustez plurala da. Zein da zuen iritzia?
Erantzuna
Esaldi horretan pluralean jokatu behar duzu aditza. Gabon zoriontsuak plurala da, eta horrek komunztadura pluralean egitera behartzen zaitu. Hona hemen, hitzez hitz, zer dioten Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak – IV liburukian, 49. orrialdean:
“Esan beharrik ez da, juntatutako sintagma horietako bat plurala izatea aski da sintagma juntatua nahitaez pluraltzat hartzeko:
(214) [Liburu bat eta orri batzuk] aurkitu nITuen”
Hortaz, “Ikastetxeak GABON ZORIONTSUAK ETA URTE BERRI ON opa dizkizue” da zuzena.