“ikasleen %89,02k erantzun du” ala “ikasleen %89,02ak erantzun du”? Eta ikasleen “%89,02k erantzun dute”?

Galdera

Matematika grafiko batzuekin ari naiz lanean eta bi zalantza ditut ehunekoak direla-eta: “ikasleen %89,02k erantzun dute zuzen” ala “%89,0ak” idatzi behar da? -k edo -ak? Eta bestalde: “ikasleen %89,02k erantzun du” ala “dute”?

Erantzuna

a) Lehenik eta behin, esan behar dizut % sinboloaren eta ondoko zenbakiaren artean tarte edo hutsunea utzi behar dela; hortaz, honela idatzi behar duzu kopurua:

% 89,02

b) Deklinabideari dagokionez, “ikasleen % 89,02k erantzun dute zuzen” idatzi behar duzu. Ehunekoak mugagabean deklinatu ohi dira. Mugatu singularrean honelakoak deklinatzen dira: “gainerako % 10,98ak” edo ”beste % 10,98ak”. Ohartuko zara horietan agertzen diren “gainerako” eta “beste” hitzek eskatzen dutela nolabait ondoko ehunekoa mugatzea.

c) Bukatzeko, aditzari dagokionez, “ikasleen % 89,02k erantzun dute” gomendatu izan da, nahiz eta Euskaltzaindiak ez duen oraindik berariazko araurik eman auzi horren inguruan. Nolanahi ere, Euskaltzaindiaren Hiztegian “ehuneko” hitza kontsultatuta hauxe dator:

 

Guri 2. adiera interesatzen zaigu batez ere. Hor ageri den azken adibidean aditza pluralean dago jokatuta: Ehuneko hirurogeita hamarrek baino gehiagok badakite galesez.

Hortaz, argi dago ehunekoekin aditza pluralean jokatzea ontzat ematen dutela.

Hori bera berresten da EBE Euskara Batuaren Eskuliburuan, Ehunekoa (%) sarreran:

Nolanahi ere, EBEko sarrerari kasu eginda, ez da baztertzekoa komunztadura singularrean egitea; hortaz, ezin da txartzat eman beste hau ere: “ikasleen % 89,02k erantzun du”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.