Instrumentala eta soziatiboa

Galdera:

Nire kontsultak deklinabidearekin zerikusia du. Zerez eta zerekin, noiz erabili behar da bakoitza?

Erantzuna:

Hona hemen kasu bakoitzaren erabilerak:

NOREKIN (soziatiboa):
1. Kidetasuna adierazten du. Adib. Zein irakasleREKIN zaudete? BetikoAREKIN.
2. Instrumentala edo kausa. Adib. Argi honEKIN ezin dut lorik egin.
3. Denbora adieraz dezake “–rekin batera” egitura baliatuz. Adib. Musika entzuteAREKIN BATERA dantza egiteko gogoa sortzen zait.
ZEREZ (instrumentala):
1. Instrumentaltasuna, hots, tresna edo bitartekoa adierazteko. Adib. Hau eskuZ garbitu dut.
2. Materia edo gaia. Adib. EgurrEZ egin du kutxa.
3. Modua. Adib. BihotzEZ eskertzen dizut emandako laguntza.
4. Lekua. Adib. MendiZ joango gara.
5. Gaia. Adib. Egunero futbolAZ aritzeak ez ote du nazkatzen?
6. Zenbait aditzekin: ahaztu, ahantzi, kezkatu, arduratu, gogoratu, oroitu, konturatu, ohartu, jabetu, baliatu, poztu, damutu… Adib. ZuTAZ oroituko naiz.
7. Postposizio batzuekin: bestalde, gain, kanpo, landa… Adib. AutoAZ gain motoa ere erosi du.
8. Partizipioarekin. Adib. Hitz eginEZ konbentzitu genuen.
9. Zenbait esapidetan: buruz ikasi, honezkero, bide batez, batez beste, batez ere, zaharraren zaharrez, adibidez, ondorioz…Adib. Kalera noa eta, bide batez, zaborra aterako dut.

Batzuetan instrumentaltasuna adierazteko bi kasuak erabiltzen dira. Halakoetan, badirudi tresna edo bitartekoa adierazten duen izena pluralean badago edo adjektibo edo erakusle batez lagundurik dagoenean, NOREKIN erabili ohi dela eta gainerakoetan, batez ere mugagabean, ZEREZ kasua erabiltzeko joera dagoela. Adib. GuraizeEKIN moztu dugu orria eta enborra, berriz, aizkoraZ.

Dokumentuak:

ZUBIRI, Ilari eta Entzi, Euskal gramatika osoa, Didaktiker, 2012.
EUSKALTZAINDIA, Euskal Gramatika Laburra: Perpaus Bakuna, 1993.

2013/05/20

Kategoria Hizkuntza, etiketak , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

2 iruzkin “Instrumentala eta soziatiboa” bidalketan

  1. Bego

    Zalantza bat dut, -rekin atzizkiari buruz. Gaur tabernan ebakia eskatu dut, eta ondoren esan diot tabernariari, mesedez ebakia esne gaingabetua.
    Tabernariak far egin dit, gaizki dagoela esanez, “esne gaingabetuarekin” esan behar niola esanez.
    Nik argudiatu dut, nola galderari erantzunez erabili dudala: ebakia, esne gaingabetua.
    Berak, zerekin esan behar dela esan dit, ebakia esne gainbabetuarekin.

    Zalantza da: gaizki dago esatea, mesedez jarridazu ebaki bat esne gaingabetua.

    Mila eskr

    Erantzun
    1. Miren Basurto

      Kaixo, Bego:
      Arrazoi du tabernariak: “ebakia esne gaingabetuarekin” esan behar duzu. Beste aukera hauetako edozein adierazteko ere soziatiboa erabili beharko zenuke:
      – “ebakia esne osoarekin”
      – “ebakia esne hotzarekin”
      – “ebakia esne gutxirekin”
      – “ebakia soja-esnearekin”

      Erantzun

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.