Galdera
Hau da nire zalantza: “Jolastuko dugu” edo “Jolastuko gara”? Nik beti “Jolasten dugu” esan izan dut eta orain, nire alabaren pailazoen CDan, “Jolasten gara” entzuten dut. Beti gaizki esan izan dut?
Erantzun
Ba, pailazoek arrazoi dute! Jolastu aditza NOR kasuarekin erabiltzen da. Hala heldu da Hiztegi Batuan:
jolastu, jolas/jolastu, jolasten. da ad.
Beraz, jolasten naiz, gara, zara… Gauza bera gertatzen da beste aditz batzuekin, esate baterako: borrokatu gara, entrenatu gara, dantzatu gara (baina aurreskua dantzatu dut)…
Hala ere, JOLAS EGIN motako aditzak erabiliz gero, hau da, izena + egin egiturako aditzak, DU motako adizkiak erabiliko ditugu beti: jolas egin dugu, dantza egin dugu, borroka egin dugu…
Adibide gehiago aurkituko duzu Araugintza Ikastaroaren orri honetan: zenbait aditzen erregimena.