Galdera:
Iruñeko eskola batean egiten dut lan, eta behin eta berriz entzuten dut KORRIKATU aditza. Hainbestetan entzunda, zalantza ere sortu zait ez ote den zuzena izango. Esango zenidakete zuzena den? Eskerrik asko.
Erantzuna:
Ez da zuzena. Hiztegi bakar batean ere ez dago jasota “korrikatu” aditza; korri erroarekin jasota daudenak “korri egin“, “korrika egin” eta “korritu” dira. Banan-banan, ikus dezagun zer dioten Euskaltzaindiaren Hiztegian:
2 du ad. Laster egin.
3 du ad. Zezenez mintzatuz, jokatu. Ik. jokatu 3.
Badakigu Internet sarean denetik aurki dezakegula: zuzena, okerra, fidagarria, ez hain fidagarria… Denetik. Horregatik, proba egin dugu ea, Iruñeko eskolan bezala, Interneten ere norbaitek korrikatu erabili ote duen. Eta, uste bezala, bai, agertzen da, nahiz eta oso adibide gutxi dauden. Hona hemen, hiruzpalau adibide:
– *Erabakia hartu nuen orduan, behin besterik ez bazen ere, entzierroa korrikatu behar nuela!
– *Ezin du salto egin edo korrikatu, baina igerilari bikaina da.
– *Ostiraletan gimnasia egitera hondartzara joaten gara eta korrikatu ondoren bainatzen uzten digute.
– *Pasabideetatik ahalik eta isilen eta korrikatu gabe ibili!
Adibide hauek beste era hauetakoren batean behar dute zuzenak izateko:
– Erabakia hartu nuen orduan, behin besterik ez bazen ere, entzierroan korri egin (korrika egin, korritu, laster egin, lasterka egin) behar nuela!
– Ezin du salto edo laster egin (korri egin, korrika egin, korritu, lasterka egin) baina igerilari bikaina da.
– Ostiraletan gimnasia egitera hondartzara joaten gara, eta korrika egin (korri egin, korritu, laster egin, lasterka egin) ondoren bainatzen uzten digute.
– Pasabideetatik ahalik eta isilen eta korrika egin (korri egin, korritu, laster egin, lasterka egin) gabe ibili!