Galdera
Nola esan behar da euskaraz “jugar a papás y mamás”? “Amatan jolastu”, “Ametan jolastu”, “Amatara jolastu”, “Ametara jolastu”, Aita eta amatan jolastu”, “Aita eta ametan jolastu”, “Aita eta amatara jolastu”, “Aita eta ametara jolastu”… Esateko modu hauek egokiak dira? Besterik bada?
Erantzuna
Duela urte batzuk, “amatan jolastu” edo “amatan ibili“ esapideak entzuten edota erabiltzen genituen. Esapide horiek, ordea, horrela esaten genituen batik bat amak izaten zirelako etxeko lanez eta haurrak zaintzeaz arduratzen zirenak. Eta jolas horretan, jakina, etxeko lanak imitatzea da muina (janaria prestatu eta ontzitxoetan zerbitzatu, arropa garbitu eta plantxatu, haurtxoa zaindu…). Gaur egun, ordea, berdintasunaren izenean, egokiagoa deritzogu “aita eta amatan jolastu (edo ibili)” edo “aita-amatan jolastu (edo ibili)” formen alde egiteari. Modu horretan, duela urte batzuetako egitura sintaktiko berari eusten ari gara, baina, “ama” hitza “aita eta ama” edo “aita-ama” terminoez trukatuta, genero berdintasunaren ikuspegitik beste mundu ikuskera bat ari gara irudikatzen eta sustatzen.
Halere, bada tira egin nahi diogun beste hari-mutur bat ere: gaur egun askotariko familia-ereduak ditugunez (bi ama, bi aita, ama bakarrik, aita bakarrik), iruditzen zaigu “gurasotan jolastu“ edo “gurasoetan jolastu“ oso egokiak direla, hain zuzen ere begirunezkoak eta neutroak direla garai berri hauetarako. Bide horretatik, gaztelaniak eskaintzen ez duen aukera bat dugu euskaraz.
Gai honen inguruan, Internet saretik eskura daiteke Juan Inazio Lizarragaren Haurren munduko Hiztegi Txikia (klik egin urdindutako izenburuaren gainean eta PDFa irekiko zaizue). Bertan, 81. orrialdean agertzen da: “Mamás, jugar a mamás: Amaka ibili. Aita eta amatan ibili (jostaketak)”.
Bukatu baino lehen, argi utzi nahi ditugu bi kontu:
a) Ohituraz edo, agian, gaztelaniaren eraginez, “jolastu” aditza erabiltzera jo ohi dugu maiz, baina ez dugu ahantzi behar euskaraz hor dugula “ibili” aditza ere.
b) ZERTAN jolastu edo ibili? da galdera; eta, ondorioz, “aita eta amatan” edo “aita eta ametan”, “aita-amatan”, “aita-ametan”, “gurasotan” edo “gurasoetan” izan behar du. Inolaz ere ez *aita eta amatara edo *aita eta ametara, *aita-ametara, *aita-amatara, *gurasotara edo *gurasoetara. Azken forma hauek, gorriz daudenak alegia, gaztelaniaren eraginez egiten dira, kalko okerrak dira, eta, bide berberetik, jakina, galdera ere gaizki egiten dute zenbait hiztunek: *ZERTARA jolastu?
Zer gehiagotan jolasten edo ibiltzen dira umeak? Ba, dendaritan, medikutan…