Galdera
Nire artikulu bat euskaratzen saiatzen ari naiz eta itzulpengintza zer nolako lan zail eta konplexua den ohartzen ari naiz! Horretan nagoela, zalantza potolo bat sortu zait. “Entidades de iniciativa social” nola euskaratu? Korpusa ote da hori? Zein baliabidek lagun diezadake ariketa hau ebazten?
Zalantza zera da: “gizarte erakunde” edota “gizarte-erakunde” erabiltzea komenigarria al da? Zein dago hobetsita?
Erantzuna
Itzulpenak egitea ez lan erraza izaten, gogorra da gero! Testuak itzultzen hasten garenean oso garrantzitsua da dagoeneko ordaina duten terminoak ez asmatzea eta, horretarako, ezagutzen ditugun baliabideetara jo beharko dugu ordain egokiaren bila: Euskalterm, hiztegi elebidunak, Interneteko webguneak, termino hori erabiltzen duten talde/erakundeen webguneak, dokumentuak…
Pausoz pauso hasi naiz “Entidades de iniciativa social” terminoa bilatzen:
NAFARROAKO ALDIZKARI OFIZIALA
Oso erabilgarria da halako ordain ofizialak aurkitzeko. Bilaketa egiteko azalpenak EHOI2 gunearen apunteetan dituzu (https://sites.google.com/site/ehoibi/bilatzaileak/nola-bilatu/naon). Nafarroako Aldizkari Ofizialean egin dut bilaketa, eta lortu dut: gizarte-ekimeneko erakundea/entitatea. Marratxoarekin edo gabe erabiltzen dute (baina marra erabiltzeko joera ikusten da, eta batzuetan entitatea eta beste batzuetan erakundea.
Horra hor ordaina. Zoritxarrez emaitza guztiak berehalakoan lortzen ez ditugunez, hona beste bide bat, hurrengo baterako:
Aldizkari Ofizialean emaitzarik ez banu, beste bilaketa batzuk egin beharko nituzke:
EUSKALTERM:
- Ordain zuzena ez dut aurkitu, baina antzekoak bai, Lan-harremanen ingurukoa: entidad de previsión social voluntaria —> borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde. Tira, gerturatu gara pixka bat. Bidenabar ikusi dut erakunde hitza bai marratxoarekin eta bai marratxorik gabe ere erabiltzen dutela, bietara.
ITZUL posta-zerrenda
- Kontsulta egin dut itzultzaileren batek inoiz itzuli ote duen jakiteko. Ez dut emaitzarik lortu.
INTERNET
- Gaztelaniazko izena badudanez eta ziur asko itzulpenean erakunde hitza agertuko denez, Googlen egin dut kontsulta. Webgune eta dokumentu batzuk aurkitu ditut, eta horietako batean itzulpena ere aurkitu dut: http://www.gipuzkoagazteria.net/gestor/nodos/nodo_dok_din/Glosategia_2011.pdf
Glosategi hori berria da, eta Gipuzkoak Haur eta Gazteen Sustapenerako Sisteman erabiltzen duten hiztegia biltzen du; fidatzeko modukoa ematen du. Dokumentu horren arabera, zuk behar duzun ordaina hauxe da: gizarte-ekimeneko erakunde / entitate.
Termino hori (gizarte-ekimeneko erakunde) Interneten bilatuz gero, erakunde ofizial askoren orriak aurkituko dituzu, eta, dirudienez, termino erabilia da halakoetan.
Data: 2012/12/20