Galdera
Euskaltzaindiaren erabakiak irakurri ondoren, oraindik badut argitu gabeko zalantza bat.
Ordu bata, ordu bata eta erdiak, ordu bata eta laurden… bai, baina da edo dira?
Ordu bata eta erdiak dira? Ordu bata eta laurden da? edo Ordu bata eta laurden dira?
Erantzuna
Hau da euskara baturako joera: “ordu bata da“, minuturik ez dagoelako; baina, minutuak eranstean, “ordu bata eta laurden dira” edo “ordu bat eta erdiak dira“.
Halere, Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuan Miren Azkaratek erantzundakoa irakurrita, badirudi ez direla baztertzekoak norberaren euskalkiko joerak ere. Hauxe zioen Azkaratek, hitzez hitz: “Badirudi ordu bat eta erdiak den neurrian, hau da, plural marka ezartzen zaion neurrian dira izango litzatekeela, baina onena bakoitzaren euskalkiko erabilera gordetzea izan daiteke”. Galdera eta erantzuna osorik irakurri nahi badituzu, egin klik hemen.
Nolanahi ere, eta berriz ere zure galderari helduta, beste kontu hau ere argitu nahi nuke:
“Ordu bata eta erdiak dira? Ordu bata eta laurden da? ala Ordu bata eta laurden dira?”
Euskara batuan “ordu bat eta erdiak” izan behar du, “bat” mugatu gabe, (ordu bi eta erdiak, hiru eta erdiak, bost eta erdiak… bezalaxe), eta ez ordu bata eta erdiak.
“Laurden”-ekin, berriz, bi eratara esan daiteke: ordu bata eta laurden edo ordu bat eta laurdenak. Ikusi zer dioen Euskaltzaindiak 35. arauan, 185. orrialdean:
3. Laurdena honela adierazten da: ordu bat eta laurdenak, oren / ordu bata eta laurden, ordu bi eta laurdenak, oren / ordu biak eta laurden, hirurak eta laurden, hiru eta laurdenak, hirurak eta laurdenetan, hiru eta laurdenetan, bostak laurden gutxi(ago), e.a.