Galdera
Egun on:
Atzo gauean ordu bat idazten ari nintzela, zalantza sortu zitzaidan. Bederatzietatik hamarrak hamar gutxitara adierazi nahi nuen, zenbakiz ari nintzen eta 9:50 jartzerakoan ez nekien 9:50ra jarri (minutuak deklinatuz) edo 9:50tara (gutxi hitza deklinatuz, irakurtzean hamarrak hamar gutxi erraten baita). Azkenean, 9:50ra jarri nuen. Baina zalantza dut. Argituko didazue, mesedez?
Erantzuna
Hauek komeriak, hauek, ordua idazteko garaian; batez ere digituz adierazi nahi ditugunean!
Hona hemen zenbait zehaztasun, auzia argitzeko:
a) Orduak zenbakiz idazteko, lau digitu erabili behar ditugu: bi digitu, ordua adierazteko, eta beste bi, minutuetarako. Tartean, bi puntu paratu behar dira. Beraz, 09:50.
b) Deklinatzean:
-
Minuturik ez dagoenean; hau da, ordu soilak deklinatzean, kasu-marka pluralean jarriko dugu. Beraz, 09:00etan, 20:00etatik 22:00etara… Salbuespena da 01:00ean –ordu bakarra delako (“ordu batean”)–, 01:00etik aurrera… (“ordu batetik” aurrera).
-
Minutuak agertzen direnean, singularrean deklinatu behar dira beti. Beraz, 09:50era, eta ez *09:50tara.
c) Kasu-marka eransteko garaian, kontuan izan behar dugu ordua (edo minutua) bokalez ala kontsonantez amaitzen den. 09:50 kontsonantez amaitzen da (bederatziak eta berrogeita hamar); horregatik, loturazko -e- bat erantsi behar dugu: 09:50era, eta ez *09:50ra (ez baita *berrogeita hamar-ra). Bokalez amaitzen direnetan ez da -e- bokalik erantsi behar: 09:03an, 09:20an.
d) Orduak idazteko eta irakurtzeko modua. Tradizioz erabili izan den formaz gain –eta ohikoan erabiltzen duguna–, modu formalagoa ere badugu:
– Zer ordu da? Hamarrak hamar gutxi / Hamarrak hamar gutxiago / Bederatziak eta berrogeita hamar / 09:50.
– Zer ordutan? Hamarrak hamar gutxitan / Hamarrak hamar gutxiagotan / Bederatziak eta berrogeita hamarrean / 09:50ean.
– 09:50 irakurtzeko bi modu ditugu. Betikoa, hamarrak hamar gutxi(ago) dira, eta, formala, bederatziak eta berrogeita hamar (modu hori, egunerokoan, ez da ohikoa, egoera jakin batzuetan erabiltzekoa da, adibidez minutuak oso zehatz eman beharra daukagunean-edo).
– 09:50ean irakurtzeko bi modu ditugu. Betikoa, hamarrak hamar gutxi(ago)tan, eta, formala, bederatziak eta berrogeita hamarrean.