Galdera:
Kaixo:
Vygotsky abizena euskaraz nola idazten den jakin nahiko nuke. Batean era bestean, modu desberdinetan ikusi dut idatzita. Eta, bestalde, nola deklinatu behar da? Mila esker zuen zerbitzuagatik.
Erantzuna:
Vygotski abizena bielorrusiarra da; beraz, alfabeto zirilikoa darabilen hizkuntza batekoa, bielorrusierakoa. Euskaltzaindiak 156. arauan —Alfabeto zirilikoz idatzitako izenak euskarara aldatzeko transkripzio sistema— zenbait orientabiderekin batera taula bat argitaratu zuen transkripzioak egiten laguntzeko: alfabeto zirilikoko letrak eta haien baliokideak hainbat hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta alemanez).
156. arauari jarraituta, Vygotski behar du. Wikipedian bilatu dugu nola idazten den bielorrusieraz zein errusieraz, eta, idazkera hori oinarritzat hartuta egin dugu transkripzioa euskarara, Euskaltzaindiaren taula baliatuz.
Bestalde, Vygotski abizenaren deklinabideari dagokionez, jakinarazten dizugu Euskara Batuaren Eskuliburuan sarrera argigarria datorrela: Erdal hitzen deklinabidea. Euskaltzaindiak sarrera horretan dioena kontuan izanik, Vygotski abizena bokalez amaitzen den beste edozein izen edo abizen bezala deklinatuko dugu; esate baterako, Iturri. Honatx adibide batzuk:
Iturri | Vygotski |
Iturrik | Vygotskik |
Iturriri | Vygotskiri |
Iturriren | Vygotskiren |
Iturrirekin | Vygotskirekin |
Iturrirentzat | Vygotskirentzat |
Iturrirengana | Vygotskirengana |
Iturrirengandik | Vygotskirengandik |
… | … |