Galdera:
Egun on. Zalantza bat sortu zaigu: ahoz, eta idatziz ere gero eta gehiagotan, abendurarte, goizerarte eta antzekoak entzuten zein irakurtzen ditugu. Zein da egokia gaur egun? Non aurki dezakegu horren inguruko araua?
Erantzuna:
Auzi honetarako Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik argitaratu, baina badira zenbait joera edota erabilera nagusitu eta orokortu direnak:
- Ontzat ematen dira hiru erabilera hauek: abendu arte, abendua arte eta abendura arte; bihar goiz arte, bihar goiza arte eta bihar goizera arte. Zenbait eragilek -(e)ra arte egitura hobesten edo bultzatzen dute —abendura arte eta bihar goizera arte—, baina Euskaltzaindiak ez du ez forma horren ez besteen alde egin. Hortaz, gaur-gaurkoz hirurak dira erabiltzeko modukoak.
- Okertzat jotzen da idazkera hau: *abendurarte, *goizerarte…
Berariazko araurik ez dagoen arren, Euskaltzaindiak argitara emandako Euskara Batuaren Eskuliburua argitalpenean zabaldu dezakezu informazio hori. Esteka honetan klik eginda, gaiaren inguruan sakontzeko aukera ederra izango duzu: