Galdera
Nola da, “lau gurpil darama” ala “lau gurpil daramatza”?
Erantzuna
Beste era batera galdetuta, honela formula genezake zure galdera: “Zenbakiak erabiltzen direnean, pluralgilerik behar al du aditzak?”.
Bi esaldiak dira zuzenak, “lau gurpil darama” zein “lau gurpil daramatza”. Zenbakiak erabiltzen direnean, zilegi da aditzaren komunztadura singularrean zein pluralean egitea. Egia da, ordea, gaur egun, pluralgilea gehitzeko joera dagoela Hegoaldeko zein Iparraldeko euskaldunen artean.
Ondorengo azalpena eman zuen Euskaltzaindiak, Jagonet zerbitzuaren bitartez:
“Zenbakiak direnean, ordea, askoz ere arruntagoa da pluraleko komunztadura, singularrekoa ere ontzat eman behar den arren:
Bi enpresa sortu ziren
Bi enpresa sortu zen (gutxiagotan)
Ikus Gramatika batzordearen Euskal Gramatika: Lehen Urratsak (EGLU), I liburukia (1985), 205.-208. or. Bertan aipatzen da zenbatzaileekiko komunztaduraren auzia. Ikus, gainera: Karmele Rotaetxe, “Numeral eta aditzen arteko konkordantziaz”, Fontes Linguae Vasconum, 32, 1979 (259.-267. or.).”