Galdera:
Euskararen egunean lantzeko, lelo bat sortu dugu eskolan eta zalantza ere sortu zaigu. Leloa: “Zuk eta nik euskaraz elkarrekin” edota “Zu eta ni euskaraz elkarrekin”. Zein da egokia? Aunitz eskertuko genizueke azaltzerik bazenute.
Erantzuna:
Zuek emandako bi aukerak dira zuzenak eta egokiak. Kontua da bakoitzaren azpian isilduta dagoen aditza desberdina dela eta horregatik batean ergatiboa agertzen dela eta bestean ez:
– “Zuk eta nik euskaraz elkarrekin”. Lelo honen pean hauek daude: Zuk eta nik euskaraz egingo dugu elkarrekin, hau da, Zuk eta nik euskaraz hitz egingo dugu elkarrekin; edo Zuk eta nik euskaraz jardungo dugu elkarrekin.
– “Zu eta ni euskaraz elkarrekin”. Lelo honen pean, berriz, beste hauek daude: Zu eta ni euskaraz mintzatuko gara elkarrekin, edo Zu eta ni euskaraz ari(tu)ko gara elkarrekin edo Zu eta ni euskaraz jardungo gara elkarrekin.
Hortaz, bi aldaeretako edozein aukera dezakezue.