D eredua
“Euskara Irakasteko Abestiak” webgunea
EIBZ · ·
Euskara irakasleei Interneten eskuragarri dauden abestiak erabiltzen lagunduko dien tresna sortu du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak. Osotara, 350 kantatik gora bildu eta sailkatu ditu EIBZk sites honetan.
Ahozkoaren ebaluazioa DBH eta Batxilergoan
EIBZ · ·
Duela urte batzuk hasi ginen Ahozko hizkuntza eskolan irakasteko bidea egiten eta hori landu nahi duten irakasleei baliabide, bide eta praktika egokiak irakasten eta horiek aztertzen. Hori guztia webgune batean publiko partekatzea beharrezkoa ez eze komenigarria zela ikusi genuen hasi ginenean, eta halaxe egin dugu. Irakaskuntza berritzeko eta garai berrietara egokitzeko ezinbestekoak direlako, gure ustez, horrelako materialak irakasleon eskura jartzea.
Webgunerako irakasleen ahozkoa lantzeko moduak aztertu genituen, ahozkoaren oinarri teorikoak jaso genituen, gure ikasleen egoera soziolinguistikoa kontuan hartu genuen, prestakuntza bideak aztertu genituen eta ahozkoaren lanketa eta horren ebaluazioa Euskara arloaren curriculumarekin lotu genuen. Irakasleen prestakuntzaren altzoan sortu diren ahozko praktika egokiak inplementatu eta partekatu ditugu.
Bide horretan aurrera eginez, ebaluazioaren atala, besteak beste, osatzen joan gara eta une honetan, prest dugunez, DBH eta Batxilergoko 1. mailako ebaluazioa partekatu dugu. Ebaluazioaren atal batzuk berdinak dira etapa osorako, esate baterako: zer dioen curriculumak, zer dioen Porfolioak, zeintzuk diren ahozkoaren adierazleak, zer den kontrol zerrenda, eta zer testu mota landu behar den maila bakoitzean curriculumaren arabera. Bestalde, maila bakoitzari dagokion dokumentu berezitua duzue, maila horretako helburu orokorrak, curriculumeko estandarrak zein ebaluazio adierazleak kontuan hartzen dituena. Curriculuma aztertu eta ahozko hizkuntzari dagokionez irakasleak landu beharrekoa eta horretarako egin dezakeena biltzen ditu.
Esperientzia honetan ezinbesteko bidelagunak dira prestakuntzan aritu diren irakasle zein ikasleak. Aipatzekoa da bide honetan Altsasuko Institutua egiten ari den ibilbidea, urtero lantzen dutelako haien ikasleekin ahozkoa modu sistematiko eta planifikatuan.
Izan ere, ahozkoaren lanketa edo irakaskuntza programazioetan jaso eta urtero landu behar da eta horretarako ezinbestekoa da sistematizatzea eta planifikatzea. Jakina, lanaren zati hau ikastetxe eta irakasleen esku dago, irakasleak planifikatzen duelako gelan landuko duena eta etapan zehar berriro hartu eta sakondu beharko direlako gai batzuk. Gu irakasleak nola egin dezakeen erakusten eta adibideak eskaintzen saiatu gara. Ahozkoaren lanketa honetan curriculumarekin bat egiten dugula ere erakutsi dugu.
Ahozko hizkuntza irakastea eta ebaluatzea
EIBZ · ·
Duela urte batzuk hasi ginen “Ahozko hizkuntza irakastea” izeneko prestakuntza eta egitasmoarekin. Hortik sortu genuen Ahozko hizkuntza irakastea webgunea. Urtero-urtero ikastetxeen eskaeraren arabera formazio hori eman izan dugu, aurten bi ikastetxe berri animatu dira, Zizurko BHIko irakasle talde bat eta Otxoa de Olza DBHIko beste irakasle talde bat. Prestakuntza horren ondorioz, hainbat sekuentzia gelaratu dituzte haien ikasleekin. Jarraian dituzue ikastetxe bakoitzean gelaratutako sekuentzia didaktikoak mailaka eta helburu komunikatiboa.
Zizurko BHI
- DBH 1: Zubiaren alderdi teknologikoa eta historikoa azaldu ikaskideei
- DBH 2: Ikasturteko ateraldia azaldu ikaskideei
- DBH 4: Korrikara joateko ikaskideak konbentzitzea
- BATX 1: DBH 1. mailako ikasleei euskara sustatzeko egiten diren jarduerak kontatzea
- BATX 2: Kirol jarduera bat ikaskideei azaltzea
Otxoa de Olza DBHI
- DBH 1: Matematikako azalpena ulertzen ez duten ikaskideei egitea
- DBH 2: Matematikako buruketa asmatu eta ikaskideei azaldu
- DBH 3: Txistea kontatu ikaskideei
Bestalde, duela 6 urte hasi zen Altsasuko BHI ahozko hizkuntza irakatsi eta ebaluatzen modu sistematikoan, gaur egun, ikastetxeko ikasle guzti guztiak lantzen dute ahozkoa eta arlo ezberdinetako irakasleak elkarrekin gauzatzen dute sekuentzia didaktikoa, oso esperientzia emankorra eta oso ongi baloratzen dutena irakasleek zein ikasleek.
Altsasuko BHI (6 urteko esperientzia egitasmoan)
- DBH 1: Kahoot plataforma erabilita lehiaketa bat sortzea eta aurkeztea ikaskideei.
- DBH 2: Taldeetan jarrita ikastetxeko gainerako gela guztietako ikasleei “Aluminio kanpainaren” azalpena ematea kontzientziatzeko
- DBH 3: Ikasleek taldeka (4-5 ikasleko 4 talde izango dira gela bakoitzean). Elkarrizketa bat egingo diote langile bati, bere lanaren inguruko informazioa jasotzeko.
- DBH 4: 1.DBH-ko ikasleei mendi ibilaldi baten informazio saioa egitea arduradun gisa.
- BATX 1: Mikro-hitzaldia sortu ikaskideei emateko kirolaren gaia ardatz hartuta eta ikuspuntu desberdinak kontuan hartuta.
- PMAR 2-3: ikaskideei aurtengo ikasturte bukaerako Jarduera fisiko edo kirol batean oinarritutako jarduera osagarriaren proposamena egin.
Azkenik, beste irakasle batzuek prestakuntza jaso duten bitartean haien ikasleekin sekuentziak gelaratu dituzte:
A eredua
- LH 2 eta 3, Juan Bautista Irurtzun IP (Azkoien): Gustoko duten pertsona edo pertsonai baten deskribapena egitea eta besteek nori buruz ari diren asmatzea.
- LH 5, Virgen del Soto IP (Kaparroso): Eskolako D ereduko 3 urteko lagunei sortu dugun esperimentua (sumendia) ahoz azaltzea.
- HH 4, San Bartolome IP (Martzilla): “Hiru txerrikumeak” ipuina hiru urtekoei antzeztea.
D eredua
- LH 5, Larraintzarko IP: Gelakideei animalia baten aurkezpena aurkeztea.
- LH 3, Cristobal Gamon IP (Errenteria): Errenteriako mendiak, ibaia, pertsona ospetsuak, historia… landu ondoren, ikasitakoaren inguruko azalpena egin ikaskideei.
- LH 2, Cristobal Gamon IP (Errenteria): 2. mailako gelan adostutako errezetak, eskolako beste gela batzuetan azalduko dituzte.
- DBH 4, Iturrama BHI: Gai baten inguruan iritzia ematea talde txikitan elkarrizketaren bitartez.
- DBH 3, Eunate BHI: Banaka istorio bat bat kontatzea gezurra tartekatuz gelakideek gezurra asmatzeko.
Datorren ikasturtean ere prestakuntza lerro honekin jarraituko dugu eta webgunean DBH eta Batxilergoko ebaluazioaren atala osatuta ikusgai paratuko dugu.