Galdera:
Zalantza sortu zait: bost orrialdeko txostena ala bost orrialdetako txostena da zuzena? Nik neuk “bost orrialdeko txostena” esango nuke, baina ez dakit zergatia. Ez al da leku-denborazko genitiboa mugagabean deklinatuta, eta, hala bada, ez luke –ta– hartu eta “bost orrialdetako” izan beharko?
Erantzuna
Begiratu batean pentsa genezake –ko atzizkia eta nongo kasuaren singularreko marka gauza bera direla, baina ez da beti horrela izaten: –ko atzizki guztiak ez dira nongo galderaren erantzunak. Ikusi zertan bereizten diren:
a) Herriko plazan elkartuko gara.
b) Zuhaitzik gabeko plazan elkartuko gara.
Lehen adibidean, nongo kasua dugu. Bigarrenean, ordea, ez da nongo kasua, –ko atzizkia baizik. Zertan bereizten dira? Funtsean, a) adibideak nongo galderari erantzuten dio, hau da, tokia adierazten du (herrian dagoen plaza); bigarren adibideak, aldiz, nolako galderari erantzuten dio eta nolakotasuna edo adierazten du, hots, plaza nolakoa den esaten digu (zuhaitzik ez duen plaza).
Estreinako adibidean, nongo kasuan alegia, testuinguruaren arabera mugagabe, singular eta pluralerako aukera dugu. Zuzenak dira, besteak beste:
- Herriko plazan elkartuko gara.
- Herrietako plazetan elkartuko gara.
- Edozein herritako plazan elkartuko gara.
Baina, egin daiteke gauza bera bigarren adibidearekin? Nolakotasuna adierazten duenarekin, alegia? Ez, jakina. Zuhaitzik gabeko plazan aldaezina da: horrelakoetan –ko atzizkia beti berdina da.
Aurrera egiteko, hona hemen beste adibide pare bat:
a) 2008. urteko haurrek egingo dute igeriketa ikastaroa.
b) 5 urteko haurrek egingo dute igeriketa ikastaroa.
Adibide hauetan ere beste hainbeste gertatzen da: lehenengo adibidean, 2008. urtean jaiotako haurrez ari da, hots, noizko galderari erantzuten dio eta denbora adierazten du; bigarren adibidean, ordea, bost urte dituzten haurrez ari da, hau da, haurrak nolakoak diren adierazten du.
Beraz, nongo edo noizko galderei erantzun beharrean, nolakoa(k) galderari erantzuten dionean -ko atzizkia erabili behar da, eta atzizki hori beti berdina da (ez du mugagabe, singular edo pluralik, nolabait esatearren):
Lau izarreko hotela |
*Lau izarretako hotela |
Bi orduko filma |
*Bi ordutako filma |
Sei hilabeteko egonaldia |
*Sei hilabetetako egonaldia |
Bost orrialdeko txostena |
*Bost orrialdetako txostena |
Informazio iturriak:
Zubiri, Ilari eta Entzi: Euskal gramatika osoa, IkasBook, Bilbo, 2012.