Futbolean/futbolera jolastu

Galdera

Normalean jolastu gaitezen futbolean/ kartetan/ sokasaltoan… esaten dugu, baina ez da hain arraroa beste forma hauek entzutea ere: jolastu gaitezen futbolera/ kartetara/ sokasaltoraAzken forma hauek zuzenak al dira?

Erantzuna

FUTBOLEAN jolastu da zuzena euskaraz. Okerra da *FUTBOLERA jolastu, gaztelaniaren kalko okerra da. ZERTAN? galderari erantzun behar dio euskaraz, eta ez ZERTARA? galderari.

Beste kontu bat da jolastu egokia ote den ala beste aditzen bat erabili behar den. Tartean joko-arauak eta lehia daudenean, zuzenagoa da jokatu aditza erabiltzea. Hortaz, jokoaren arauak errespetatuz ari garenean, jokatzen ari gara. Haurrak, ordea, batik bat txikienak, askotan, futbolean ari direnean, arauei kasu handirik egin gabe ibiltzen dira; hau da, jolasean ibiltzen dira. Beraz, kasu horretan ez da okerra jolasten erabiltzea.

Ez ahantzi, gainera, jokatu eta jolastu aditzen ordez beste hauek ere erabil ditzakegula: ibili, aritu, jardun… Hau da: futbolean ibili, kartetan aritu, saskibaloian jardun…

Atala Hizkuntza, etiketak , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude