Iruña / Iruñea

Galdera

Kaixo!

Kurtsoko jarduera bat egiten nengoela ondoko zalantza sortu zait:

“Iruñeara noa” edo “Iruñara noa” esaten da? Nik biak erabiltzen ditut, eta uste dut biak ikusi ditudala seinaleetan, karteletan… baina zein dago ongi?

Mila esker aldez aurretik.

Erantzuna

Iruñea izena dela eta, bi kontu argi izan behar ditugu:

 a) Euskaltzaindiaren iritziz, euskal izen jatorra Iruñea da (Iruña erdaldunek erabili izan duten izena da). Hona hemen Euskaltzaindiak galdera honen gainean JAGONETen adierazitakoa:

Iruña/Iruñea

Galdera

Iruña ala Iruñea, bietarik zein erabili behar dugu?

Erantzuna

Arazoa absolutiboan baino ez da agertzen; izan ere, deklinatzean, udalak berak ere, Iruña hobetsi arren, Iruñeko, Iruñean eta abar erabiltzen baitu. Onomastika batzordeak bi maila desberdin daudela ikusten du; baina argi du euskal izen jatorra Iruñea dela, Iruña erdaldunek erabilitako izena izanik. Besterik da udalak edo foru administrazioak zer erabaki duten, irizpen akademikoari jaramonik egin gabe.

b) Iruñea izenak ez du -a itsatsia. Hortaz, deklinatzeko garaian erne ibili behar dugu: Iruñera, Iruñetik, Iruñeko, Iruñean, Iruñerantz, Iruñerako, Iruñearen

Kategoria Hizkuntza, etiketak , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Iruzkin bat “Iruña / Iruñea” bidalketan

  1. Pingback: Okerrak: *Iruñeako, *Iruñeatik, *Iruñeara, *Iruñearantz, *Iruñearako | Hizkuntza akatsak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.