Nola adierazi “desclasamiento formativo” euskaraz?

Galdera

Kaixo,

Egun batzuk daramatzat itzulpen lanei lotuta eta ikastaroan zuek emandako tresna eta baliabide guztien balioaz jabetzen ari naiz. Mila esker, benetan, oso baliagarriak suertatzen ari zaizkit haiek eta emandako gomendioak ere!

Makina bat hitz, corpus, esaera eta esaldi itzultzen ari naiz. Euskalterm, Nafarroako Aldizkari ofiziala eta Zehazkirekin nahiko ongi moldatu izan naiz orain artean. Dena dela, badut inondik ere itzultzeko modurik aurkitu ez dudan termino bat. Eta hori itzultzeko laguntza eskean natorkizu berriro ere. “Desclasamiento formativo” da itzuli nahi dudana.

Gazteleraz desclasar, gazteleraz, ” Colocarse o estar situado en un grupo o clase social ajena” moduan erabiltzen dut. Baina hitz hori euskaraz nola esan?!

Eta “Desclasamiento formativo”-rekin esan nahi duguna zera da, ikasketa maila eta okupazio mailaren arteko desoreka handia ematen dela. Hitz teknikoren bat ba al da euskaraz hori adierazteko? Mila esker,

Erantzuna

Ez da, ez, erraza termino hori itzultzea, gaztelaniaz ere nahikoa lan du-eta zer den ulertzeko.

Ea, pausoz pauso:

1. Termino hori Interneten bilatu dugu, eta “desclasamiento formativo” duten 7 dokumentu aurkitu ditugu bakarrik; gehienak Nafarroakoak. CCOOren dokumentu batean agertzen da: desclasamiento formativo o desemparejamiento ocupacional. Ikus ondorengo dokumentua: Impacto de la crisis en Navarra.

Hau da, batean heziketari/prestakuntzari/ikasketei egiten die erreferentzia eta bigarrenean lanari. Terminoa gaztelaniaz ulertzeko ere nahikoa lan!

2. Desclasamiento hitzetik abiatu gara. Ohiko hiztegietan ordainik aurkitu ez dugunez, sortzera jo dugu, eta KLASEGABETU atera dugu. Interneten bilatuta, tokiren batean agertu zaigu klasegabetu aditza.

3. Formativo hitzak ere lanak eman dizkigu: heziketa– edo prestakuntza– izan daitezke ordain zuzenak. Akaso, lan kontuetan ere ari garenez eta heziketa hitza oso orokorra izan daitekeenez, prestakuntza izena iruditu zaigu egokiena.

4. Beraz, prestakuntza-klasegabetzea.

5. Terminoa ulertzen zaila denez, ordain deskribatzaileago bat sortzen ahalegindu gara eta ikasketen eta lanpostuaren arteko desoreka atera zaigu. Beharbada, bigarren hau hasieran aipa daiteke azalpen gisa, eta lehenengoa termino gisa erabili.

Ez dakit zure zalantza argitzea lortu dugun. Ea zer iruditzen zaizun.

 

Data: 2012/12/21

Atala Itzulpenak, etiketak , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude