Nola euskaratu “Entidades de iniciativa social”?

Galdera

Nire artikulu bat euskaratzen saiatzen ari naiz eta itzulpengintza zer nolako lan zail eta konplexua den ohartzen ari naiz! Horretan nagoela, zalantza potolo bat sortu zait. “Entidades de iniciativa social” nola euskaratu? Korpusa ote da hori? Zein baliabidek lagun diezadake ariketa hau ebazten?

Zalantza zera da: “gizarte erakunde” edota “gizarte-erakunde” erabiltzea komenigarria al da? Zein dago hobetsita?

Erantzuna

Itzulpenak egitea ez lan erraza izaten, gogorra da gero! Testuak itzultzen hasten garenean oso garrantzitsua da dagoeneko ordaina duten terminoak ez asmatzea eta, horretarako, ezagutzen ditugun baliabideetara jo beharko dugu ordain egokiaren bila: Euskalterm, hiztegi elebidunak, Interneteko webguneak, termino hori erabiltzen duten talde/erakundeen webguneak, dokumentuak…

Pausoz pauso hasi naiz “Entidades de iniciativa social” terminoa bilatzen:

NAFARROAKO ALDIZKARI OFIZIALA

Oso erabilgarria da halako ordain ofizialak aurkitzeko. Bilaketa egiteko azalpenak EHOI2 gunearen apunteetan dituzu (https://sites.google.com/site/ehoibi/bilatzaileak/nola-bilatu/naon). Nafarroako Aldizkari Ofizialean egin dut bilaketa, eta lortu dut: gizarte-ekimeneko erakundea/entitatea. Marratxoarekin edo gabe erabiltzen dute (baina marra erabiltzeko joera ikusten da, eta batzuetan entitatea eta beste batzuetan erakundea.

Horra hor ordaina. Zoritxarrez emaitza guztiak berehalakoan lortzen ez ditugunez, hona beste bide bat, hurrengo baterako:

Aldizkari Ofizialean emaitzarik ez banu, beste bilaketa batzuk egin beharko nituzke:

EUSKALTERM:

  • Ordain zuzena ez dut aurkitu, baina antzekoak bai, Lan-harremanen ingurukoa: entidad de previsión social voluntaria —> borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde. Tira, gerturatu gara pixka bat. Bidenabar ikusi dut erakunde hitza bai marratxoarekin eta bai marratxorik gabe ere erabiltzen dutela, bietara.

ITZUL posta-zerrenda

  • Kontsulta egin dut itzultzaileren batek inoiz itzuli ote duen jakiteko. Ez dut emaitzarik lortu.

INTERNET

Glosategi hori berria da, eta Gipuzkoak Haur eta Gazteen Sustapenerako Sisteman erabiltzen duten hiztegia biltzen du; fidatzeko modukoa ematen du. Dokumentu horren arabera, zuk behar duzun ordaina hauxe da: gizarte-ekimeneko erakunde / entitate.

Termino hori (gizarte-ekimeneko erakunde) Interneten bilatuz gero, erakunde ofizial askoren orriak aurkituko dituzu, eta, dirudienez, termino erabilia da halakoetan.

Data: 2012/12/20

Atala Itzulpenak, etiketak , , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude