“sartu berria naiz” ala “sartu berri naiz”?

Galdera

Hauxe da nire zalantza: “sartu berria naiz”  ala “sartu berri naiz” da egokia?

Erantzuna

Zuk aipatutako bi esaldiak dira egokiak eta zuzenak: sartu berria naiz eta sartu berri naiz.

Ikusi, esate baterako, zer agertzen den Euskaltzaindiaren Hiztegian eta Elhuyar hiztegian BERRI hitza kontsultatuta:

a) Euskaltzaindiaren Hiztegian, BERRI hitzaren 3. adieran hauxe diote:

3 (Aditzaren era burutuaren ondoren, honi duela oso gutxi esanahia gehitzen diola). Ezkondu berria. Belar ebaki berria. Ogi erre berriak. Oraindik jaio berria delarik. Irakurri berria dudan lan batean. Handik etorri berri zela. Afrika-Asietako herri askatu berri edo askatasun bidean direnen marmar hotsa. Sendatu berrian gertatu zitzaiona.

b) Elhuyar hiztegian, berriz, hauxe diote 4. adieran:

4  izond. (aditzaren era burutuaren ondoren; sarritan, -n kasu-atzizkiaz, mugatu singular zein mugagabean) recién, nada más, cuando

belar ebaki berria: hierba recién cortada

irakurri berri(a) dudan lan batean: en un libro que acabo de leer

jaio berritan, ezkon berritan: recién nacidos, recién casados…

kantinatik afaldu berrian zetozela: cuando venían de la cantina nada más cenar

hamasei urteak bete berritan mendiko marrubia zirudien: cuando tenía dieciséis años recién cumplidos parecía una fresa silvestre

Hortaz, bai hiztegi batean bai bestean datozen adibideetan ikusten dugu BERRI zein BERRIA erabilita osa daitezkeela esaldiak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude