“Ziurtasuna irabaziz joan da” ala “Ziurtasuna irabazten joan da”?

Galdera

Nola esan behar da, “ziurtasuna irabaziz joan da” ala “ziurtasuna irabazten joan da”?

Erantzuna

Zure galdera dela eta, bi kontu aipatu behar dizkizugu:

1. Bi egitura horien zuzentasuna dela-eta, biak dira zuzenak eta biek esanahi bera dute. Euskaltzaindiaren Hiztegian joan hitza kontsultatuta, hauxe dator hitzez hitz 7. adieran:

joan, joan, joaten 7 da ad. (Egintzaren jarraitutasuna adierazteko, osagarritzat beste aditz baten era burutua -z atzizkiaz edo era burutugabea hartzen duela). Harrabotsa areagotuz doa. Herri xehea galduz omen doa euskara. Zorrak gehitu ahala, dirutza urritzen zihoakigun.

Hortaz, ziurtasuna irabaztearena ere ekintza jarraitua denez, formari dagokionez ongi leudeke zuk aipatutako bi egiturak:

  • aditz baten era burutua -z atzizkiaz: “ziurtasuna irabaziz joan da”.
  • aditz baten era burutugabea: “ziurtasuna irabazten joan da”.

2. Bi egitura horien egokitasuna dela-eta, ordea, eta bestelako testuingururik izan gabe, gaztelaniazko “ganar seguridad (en uno mismo)”, “ganar confianza”… esapideen itxura hartzen diegu, hau da, erdal esapide horien kalkoak dirudite. Euskaraz naturalagoak dira beste hauek: “gero eta ziurtasun handiagoa zuen bere buruan”, “gero eta ziurrago sentitzen zen”, “segurtasuna hartzen joan zen”, “segurtasuna hartuz joan zen”…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude