2020ko maiatzaren 11n eta 12an, “Proiektuak A ereduko Lehen Hezkuntzan” informazio saioak egin genituen. Deialdian, prestakuntza hau, aurrez aurre egiteko planteatu zen arren, itxialdiak horrela egitea galarazi zigun eta online egitea erabaki genuen. Oso interesgarriak izan ziren bi saioak. Hemen dituzue ikusgai:
Bigarren saioa: Noaingo ikasketa burua (Marisa Sorbet Sanchez) eta hiru irakasle (Arantzazu Asensio Igoa, Irune Elizondo Echeconanea eta Guratz Azpiroz Beunza)
Saioen grabazioez gain, azaldutako proiektuen inguruko material guztia prest duzue “Lehen Hezkuntzarako Baliabideak” orrian, Proiektuak atalean:
Noain herriko San Miguel ikastetxean, irakasleek ez dute libururik erabiltzen eta proiektuka lan egiten dute. Ikasleak gustura eta motibatuak daude euskarako klaseetan. 2019-2020 ikasturtean nola lan egiten duten ikusteko aukera izan dugu.
2. maila
2. mailan urte batzuk daramatzate “Hizki-pasa” proiektua egiten. Ikasturte honetako lehenengo hiruhilekoan talde batekin proiektua nola garatzen duten ikusi dugu. Prozesuan zehar lau trebetasunak lantzen dituzte, eta jarduerak bukaerako xedea lortzera oso ongi bideratuak daude.
Zuk zeuk proiektua aurrera eramatea nahi baduzu, hemen dauzkazu programazioa eta behar diren baliabide guztiak.
3. maila
Auten, 3. mailan, “Mahai-jokoak” proiektua egin dute. Proiektuaren bukaeran, jokoak azaldu dizkigute eta talde bakoitza bere jokoarekin jolasten ikusi dugu. Zoragarria izan da ikustea ikasleak nola saiatzen diren euskaraz hitz egiten.
Zure gelan proiektua egin nahi baduzu, hemen dauzkazu proiektuaren programazioa eta aurrera eramateko behar diren baliabideak.
5. maila
5. mailan, aurten, “Nor da Nor” proiektua egin dute. Talde lana oso garrantzitsua izan da proiektu honetan eta aipagarriak dira hiztegi altxagarria eta 1-2-4 egitura kooperatiboaren erabilera abestien lanketa egiteko.
Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu eta zure ikasleekin aurrera eraman nahi baduzu, ikus itzazu proiektuaren programazioa eta baliabideak.
Buztintxuri ikastetxean, proiektuak eta roll playing dinamikak egiten dituzte A ereduko ikasleekin.
2019-2020 ikasturtean, Sorne Lerin irakasleak “Euskal aditzaren itsasontziak hondoratu” proiektua azaldu digu, bere ikasleekin aurrera eraman duen bitartean. Sornek ikasleen motibazioa sustatzeko, haiengana hurbiltzeko eta haien mailara egokitutako edukiak eskaintzeko, bere burua grabatzen du, hola nola jolasen azalpena egiten, jarduera baten prozesua nola egin behar den azaltzen, edo berak sortutako ipuin baten antzezpena egiten.
Sornek “Euskal aditzaren itsasontziak hondoratu” proiektua, 5. mailako ikasleekin egin du, eta aurrera eramateko bi hiruhileko behar izan ditu.
Proiektu hau aurrera eraman nahi baduzu, edo zure ikasgelarako ideiak hartu nahi badituzu, hemen dituzu Sornek grabatutako bideoak, prestatutako materiala eta proiektuaren programazioa.
Joana Zigandak eta Iker Uribek, bere ipuinaren kontaketa egiten dute aurrez aurre leku desberdinetan. Aurten, Nazioarteko liburuaren egunean ere hura egiteko asmoa zuten; baina, alarma egoerak etxean geratzea behartu zituen. Horregatik, bideo polit hau grabatzea erabaki zuten.
Apirilaren 27tik maiatzaren 16a bitartean, familian euskaraz gozatzeko tailer eta ikuskizunen zirkuitua antolatu du Bilboko udalak. Jarduerak 4 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzenduta daude.
Aurten konfinamendua dela eta online egingo dituzte jarduerak eta bakoitza 72 ordu egongo da ikusgai www.ikusietaikasi.eus webgunean.
Patricia Oregi Nogales irakasleak Lehen Hezkuntzako A ereduko ikasleentzat prestatutako Jakituriaren Partxisa partekatu du gurekin. Mahai-jokoa erraza, atsegina eta entretenigarria da; hiztegia, zenbakiak eta egunerokotasuneko galde-erantzunak errepasatzeko egokia.
Hemen dituzue mahai-jokoa eta harekin jolasteko jarraibideak:
2020ko otsailaren 6an EIBZn irakurketa dialogikoen inguruko informazioa saio bat egin zen A ereduko irakasleekin. Hiru helburu zituen prestakuntza honek:
Irakurketa dialogikoak zer diren ezagutzea
A ereduan irakurketa dialogikoak aplikatzearen egokitasuna aztertzea
A ereduko irakasleei komunikazio eta hartu emanen toki bat eskaintzea
Saioan irakurketa dialogikoak aplikatzearen egokitasuna zalantzan jarri zen eta A ereduko ikasleekin aplikatzeko dauden zailtasunak azaleratu ziren. Dena den, saioa oso interesgarria izan zen, A ereduko irakasleek beraien praktikaz eta bizipenez hitz egiteko aukera izan zutelako eta ideiak elkartrukatzeko balio izan zuelako.
Irakurketa dialogikoak zer diren ezagutu eta oso era xume eta egituratu batean A ereduko ikasleekin aplikatzera animatzen bazara, hemen duzu saioan erabilitako aurkezpena: