Hona hemen A ereduko irakasleen laguntzarekin prestatutako entzungaiak. 2020-2021 ikasturtean 4. mailakoak prestatu genituen eta 2021-2022 ikasturtean 2. eta 6. mailakoak.
Baliabide hauen erabilgarritasuna bermatzearren, prozesuan zehar A ereduko irakasleen iradokizunak kontuan hartzeaz gain, pilotaje moduan behin-behineko entzungaiak entzun eta ulermen probak egin ondoren irakasle eta ikasleengandik jasotako iritziak ere aintzat hartu ditugu.
Entzungai bakoitzerako lau fitxategi dituzue: audioa, transkripzioa, ikasleentzako orria eta erantzun orria.
EIBZn 2020-2021 ikasturtean, LOMCE legean oinarritutako Lehen Hezkuntzako A ereduko curriculuma aztertu ondoren, zenbait dokumentu sortu genituen. Gure helburua A ereduko irakasleei Lehen Hezkuntzako mailetan ikasleek lor dezaketen maila zein den modu argian aurkezteaz gain, programazioak eta gelako jarduerak planifikatzeko baliagarriak izan zitezkeen tresnak sortzea zen.
Orain LOMLOE hezkuntza-curriculum berria dugun arren, sortu genituen dokumentuak baliagarriak izaten jarraitzen dutela uste dugunez, hemen dituzue eskuragai:
Claret Larraona ikastetxeko irakasleek Jantzien gaia errepasatzeko Power Pointen egindako bi erruleta partekatu dizkigute.
Erruletaren jarduera, PDIan egiteko da eta umeek gustukoa dute.
“Jira bira sakatu botoia eta erruletak bira egingo du. Sakatu berriro eta gelditzen den jantziaren izena esan beharko duzu“.
Jantzien erruletak
Drive dokumentuan ez du funtzionatzen, horregatik, efektua ikusteko fitxategia deskargatu behar da.
Erruletak Power Pointen nola egin daitezkeen jakin-mina baduzue, Interneten bideo tutorial desberdinak ikus ditzakezue. Norbaitek euskaraz nola egiten den topatzen badu, idatzi mesedez, hemen bertan jarriko dugu.
Noain herriko San Miguel ikastetxean ez dute libururik erabiltzen eta proiektuka lan egiten dute. Ikasleak gustura eta motibatuak daude euskarako klaseetan. 2019-2020 ikasturtean nola lan egiten duten ikusteko aukera izan dugu.
2. maila
Maila honetan urte batzuk daramatzate “Hizki-pasa” proiektua egiten. Ikasturte honetako lehenengo hiruhilekoan talde batekin proiektua nola garatzen duten ikusi eta grabatu dugu. Prozesuan zehar lau trebetasunak lantzen dituzte eta jarduerak bukaerako xedea lortzera oso ongi bideratuak daude.
Zuk zeuk proiektua aurrera eramatea nahi baduzu, hemen dauzkazu programazioa eta behar diren baliabide guztiak.
Programazioa
Materiala
Bideoa
3. maila
Maila honetan “Mahai jokoak” proiektua egin dute. Proiektuaren bukaeran, jokoak azaldu dizkigute eta talde bakoitza bere jokoarekin jolasten ikusi dugu. Zoragarria izan da ikustea ikasleak nola saiatzen diren euskaraz hitz egiten.
Zure gelan proiektua egin nahi baduzu, hemen dauzkazu proiektuaren programazioa eta aurrera eramateko behar diren baliabideak.
Programazioa
Materiala
Bideoa
5. maila
Maila honetan “Nor da Nor” proiektua egin dute. Talde lana oso garrantzitsua izan da proiektu honetan eta aipagarriak dira hiztegi altxagarria eta 1-2-4 egitura kooperatiboaren erabilera abestien lanketa egiteko.
Proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu eta zure ikasleekin aurrera eraman nahi baduzu, ikus itzazu proiektuaren programazioa eta eta beste baliabideak.
Buztintxuri ikastetxean, proiektuak eta roll playing dinamikak egiten dituzte A ereduko ikasleekin.
2019-2020 ikasturtean, Sorne Lerin irakasleak, “Euskal aditzaren itsasontziak hondoratu” proiektua azaldu digu bere ikasleekin aurrera eraman duen bitartean. Irakasle honek ikasleen motibazioa sustatzeko, haiengana hurbiltzeko eta haien mailara egokitutako edukiak eskaintzeko, bere burua grabatzen du: jolasen azalpena egiten, jarduera baten prozesua nola egin behar den azaltzen, edo berak sortutako ipuin baten antzezpena egiten.
Sornek “Euskal aditzaren itsasontziak hondoratu” proiektua, 5. mailako ikasleekin egin du eta aurrera eramateko bi hiruhileko behar izan ditu.
Proiektu hau aurrera eraman nahi baduzu edo zure ikasgelarako ideiak hartu nahi badituzu, hemen dituzu, Sornek grabatutako bideoak, prestatutako materiala eta proiektuaren programazioa.
Patricia Oregi Nogales irakasleak, Lehen Hezkuntzako A ereduko ikasleentzat prestatutako Jakituriaren Partxisa partekatu du gurekin. Mahai-jokoa erraza, atsegina eta entretenigarria da; hiztegia, zenbakiak eta egunerokotasuneko galde-erantzunak errepasatzeko egokia.
Hemen dituzue mahai-jokoa eta harekin jolasteko jarraibideak:
2020ko otsailaren 6an EIBZn irakurketa dialogikoen inguruko informazioa saio bat egin zen A ereduko irakasleekin. Hiru helburu zituen prestakuntza honek:
Irakurketa dialogikoak zer diren ezagutzea
A ereduan irakurketa dialogikoak aplikatzearen egokitasuna aztertzea
A ereduko irakasleei komunikazio eta hartu emanen toki bat eskaintzea
Saioan irakurketa dialogikoak aplikatzearen egokitasuna zalantzan jarri zen eta A ereduko ikasleekin aplikatzeko dauden zailtasunak azaleratu ziren. Dena den, saioa oso interesgarria izan zen, A ereduko irakasleek beraien praktikaz eta bizipenez hitz egiteko aukera izan zutelako eta ideiak elkartrukatzeko balio izan zuelako.
Irakurketa dialogikoak zer diren ezagutu eta oso era xume eta egituratu batean A ereduko ikasleekin aplikatzera animatzen bazara, hemen duzu saioan erabilitako aurkezpena:
Beriaingo ikastetxeko A ereduko irakasleek “Ahozko hizkuntza irakastea” ikastaroan parte hartu dute eta ahozko sekuentzia didaktiko bat prestatu dute ikasleak ahozkoan gaitzeko. LHko 4. mailako ikasleekin egin dute eta 14 saio egon dira sekuentzia didaktikoa gelan garatzen. Landutako egoera eta helburu komunikatiboak hauek izan dira:
EGOERA: Beintza Labaiengo egonaldietara joaten direnean erosketak euskaraz egiteko gai izatea.
HELBURU KOMUNIKATIBOA: Saltzaileari zer nahi duten esatea.
Hemen dituzue eskuragai garatutako sekuentzia didaktikoa eta balorazioa: