“ADOS” esapidea kirolean

Galdera

Egun hauetan eta hainbat frontoitan binakako esku-pilota txapelketa jokatzen ari da. Asteburuetan gustatzen zait partiduak ikustea eta harritu egin nau orain kontatuko dizuedanak: esatariak, jokalariek puntu berberak dituztenean, esan beharrean “bina tantu berdindu dute” esaten du “bina ados daude”. Oso bitxia iruditu zait. Normalean, eskolan “enpatatu” (bai, badakit gaizki dagoela) edo “berdindu ” erabiltzen dut. Zuzena da “ados” hori erabiltzea? Ongi egongo da Euzkitze esatariak hori esaten duelako eta, nire ustez, berak oso ongi hitz egiten duelako. Zuei, zer iruditzen zaizue?

Erantzuna

Arrazoi duzu, oso esatari ona da Euzkitze eta ongi erabiltzen du “ados izan” hori, dudarik ez dago. Badirudi batik bat pilota jokoan erabili ohi dela, nahiz eta bestelako lehiaketetan ere balia daitekeen.

Hiztegi batzuetan kontsulta eginda, ondorioa da “ados izan”, “berdindu” eta “adostu” erabili ohi direla tanto edo puntu-kopuru bera adierazteko. Hauteskundeetako emaitzak emateko ere baliatu izan dute noiz edo noiz, boto-kopuru bera adierazteko.

Hona hemen hiztegi batzuetan datorrena:

a) Elhuyarren:

estar empatado [referido a deportes, principalmente en el juego de la pelota, o a competiciones en general]
  • 24na ados ziren: iban empatados a 24.

b) Euskaltzaindiaren Hiztegian:

ados 1 adlag. Tanto kopuru berean. 39an ados eta batek galdu behar.

ados izan 1 Kiroletan eta lehiaketetan, pilota jokoan bereziki, tanto kopuru bera izan. 24na ados ziren. 11n eta 32an ados izanik zuberotarrak nagusitu dira. Bi hautagaiak ados dira, 20na botorekin.

c) Harluxeten:

ados

ADOS IZAN. Kirol eta lehiaketetan, pilota-jokoan bereziki, tantoedo puntukopuru berdina izan. Oraino 24-na ados ziren hala ere.

b) Labayrun

adostu

1 “da” Jok., Kirol.

igualar, empatar. 

Bi alderdiak adostu dira bira.

 ~ bardindu (bizk.), berdindu (bat.)

 

 

Kategoria Hizkuntza, etiketak , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.