Alkate andrea

Galdera

Batzuetan alkatesa hitza erabili izan dudan arren, orain zalantza sortu zait. Hiztegi batuan ez da agertzen eta Elhuyarren alkate (andrea) agertzen da.

Nire zalantza hauxe da: emakume bati buruz ari garenean nahikoa da “alkate” hitza erabiltzea ala “alkate andrea” erabili behar da?

Mila esker,

Erantzuna

Hitz jakin batzuetan izan ezik, euskaraz tradizioz ez da generorik bereizten; “alkate” hitzean ere ez, berdin-berdin balio du gizonarendako zein emakumearendako.

Egia da azken aldian “alkatesa” hitza erabili izan dela alkate emakumezkoa izendatzeko, baina ez da ontzat ematen. Erdararen kalkotzat hartzen da eta Euskaltzaindikoek ez dute Hiztegi Batuan sartu (gainerako hiztegietan ere ez dute jaso). Berdin gertatzen da “aktoresa” hitzarekin, “aktore” dugu bi sexuetarako.

Zuk diozun moduan, berariaz adierazi nahi badugu alkatea emakumea dela, “alkate andrea” sintagma erabili beharko dugu. Baina kasu jakinen batean izango da hori, zeren eta “alkate” hitzari beste edozein kargu edota lanbideri ematen diogun trataera bera emango diogu: zuzendari, epaimahaiburu, idazkari, sendagile

Gutunen hasierako agurretan arruntak dira generoa bereizten duten formulak:

•   Alkate jauna: edo Alkate andrea:

•   Alkate jauna/andrea:

•   Alkate jaun hori: edo Alkate andre hori:

Kategoria Hizkuntza, etiketak , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.