“Disciplina positiva y disrupción”-en itzulpena

Galdera:

Ez dut itzulpen egokia aurkitzen. Nola itzul daiteke euskaraz izenburu hau: “Disciplina positiva y disrupción”? Eskertuko nizuke itzulpen egokiren bat emango bazenit.

Erantzuna:

Disciplina positiva: diziplina positiboa.

Disrupción: euskal hiztegi batzuetan begiratuta, hona hemen aurkitutakoak:

  • Eukalterm-en, disruptivo disruptibo ordainaz eman dute, Biologia arloan erabilita, baina ez disrupzio izena.
  • EHUko EHUskaratuak: web orrian bi adibide bakarrik agertzen dira: karga-etetea (ingeniaritza arloan) eta “disrupzio” (literatura arloan); disrupzio hitza komatxo artean idatzita agertzen da adibide horretan. Horrek esan nahi du, ziur aski, esaldia itzuli duenak badakiela ez-ohiko hitza erabiltzen ari dela.

Gaztelaniazko hiztegietan:

  • RAE-ren hiztegian ez da disrupción hitza jaso; disruptivo adjektiboa, berriz, bai.
  • María Moliner-en Diccionario de uso del español hiztegian, izen gisa  jasota agertzen da:

disrupción (del lat. disruptĭo, -ōnis)
f. culto o cient. Ruptura o interrupción brusca

Hezkuntza arloan erabiltzekotan, ematen du bat-bateko etenaldi hitza ez zaigula aski nahi duguna adierazteko, ikasgelako lanean gertatzen den bat-bateko etenaz ari bagara ere.

Agian, disrupción honela itzul daiteke: gelako giroa trabatzea, zapuztea edota zakartzea. Erdaraz baino luzeagoa da, baina argiagoa ere bai. Dena den, “disrupzio” terminoa zehatza, laburra eta teknikoa da.

Baliagarria izanen zaizulakoan, agur bero bat.

Data: 2009/01/20 (2013/05/21 datan berritua)

Kategoria Itzulpenak, etiketak , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.