Galdera:
Karteltxo hau ikusi dut:
“Gabon festak zoriontsuak opa dizkizuegu bihotz-bihotzez”
Nire ustez, “Gabon festa zoriontsuak…” izango litzateke egokia. Zer deritzozue?
Erantzuna:
Egun on:
Zure senak ongi adierazi dizun bezala, karteltxoan ikusitakoa okerra da eta “Gabon festa zoriontsuak…” da zuzena.
Dena den, “festa” hitza erabili gabe esateko ohitura dago; honela:
“Gabon zoriontsuak opa dizkizuegu bihotz-bihotzez”
Bada halako zalantzak argitzen eta lanak arintzen lagunduko dizun liburuxka bat:
- Debagoieneko udaletako euskara zerbitzuak, Idatziak: gonbitak, zorion agurrak, oharrak… Donostia: Elkarlanean, 2003. Ondorengoak dira liburuxka horretan Gabonetan zoriontzeko proposatzen dituzten oharrak:
– Gabon zoriontsuak eta urte berri on.
– Eguberri on eta urte zoriontsua izan ditzazuela.
– Igaro Gabonak bakean eta pozik, eta urte berri on.
– Gure zorionik zintzoena Gabon hauetan, eta urte berrian osasuna opa dizut.
– Gabon egun hauek indarberritu dezatela gizon-emakumeen elkartasun sentimendua, eta urte berriak zoriona eta ongizatea ekar ditzala gurera eta besteenera, eta berdintasuna gizon eta emakume guztiontzat.
Besterik gabe, ongi izan
Dokumentua: http://www.debagoiena.com/Idatziak
Data: 2005/12/07