Galdera
Ariketa batean ikusi dut ongi dagoela esaldi hau :
Nola jakin izan dudan? GaldetuTA!
Hau ikusita zalantzak sortu zaizkit. Ez dakit galdetuz edo galdetzen ongi erranak diren ala ez esaldi horretan, eta zergatik den ongi galdetuta.
Erantzuna
NOLA? galderari erantzuteko, oro har, -(E)Z erabili ohi da:
a) Ogitartekoa janez sartu zen gelan.
b) Zapi zuria astinduz esan zigun agur.
c) Eskerrak emanez hasi zuten hitzaldia.
Batzuetan, ordea, -TA —edo -(R)IK— atzizkiaren bidez eratutako partizipioak ere erabil daitezke. Hauek erabiltzeko, ordea, mendeko perpausak adierazten duen ekintzak aditz nagusiak adierazten duenak baino lehenago gertatu behar du. Hona bien arteko aldea, denborari dagokionez:
-
Ogitartekoa janez sartu zen gelan (bi ekintzak aldi berean: ogitartekoa jan eta gelan sartu).
-
Ogitartekoa janda sartu zen gelan (lehenengo jan egin zuen eta gero sartu egin zen).
-
Eskerrak emanez hasi zuten hitzaldia (bi ekintzak aldi berean: eskerrak eman eta hitzaldia hasi).
-
Eskerrak emanda (emanik), hitzaldia hasi zuten (lehenengo eskerrak eman zituzten eta gero hitzaldia hasi zuten).
Adibide hauetan ez da zuzena -(T)ZEN erabiltzea. Gaztelaniaren eraginez egiten den kalko okerra da, gaztelaniazko gerundioa euskaratzeko garaian egiten den kalkoa alegia.
-
*Ogitartekoa jaten sartu zen gelan.
-
*Zapi zuria astintzen esan zigun agur.
-
*Eskerrak ematen hasi zuten hitzaldia.
Oso akats hedatua da hau. Hona hemen zenbait adibide, Ilari eta Entzi Zubiriren Eukal gramatika osoa liburutik jasoak:
*Irakurtzen asko ikasten da. |
Irakurriz asko ikasten da. |
*Nola lortu duzu? Lan egiten. |
Nola lortu duzu? Lan eginez. |
*Negar egiten ez da deus lortzen. |
Negar eginez ez da deus lortzen. |
*Nola jakin duzu? Galdetzen. |
Nola jakin duzu? Galdetuz. |
Zure ustez, lau adibideotako zeinetan erabil dezakegu -TA atzizkia?
Bukatzeko, esan behar dugu -T(Z)EN formak zertan? galderari erantzuten diola, eta ez nola? galderari. Hona hemen adibide batzuk, hauek ere Euskal gramatika osoa liburutik hartuak:
a) ZERTAN ari da aita? Egunkaria irakurtzen ari da.
b) Umeak etxean utzi ditut ikasten.
c) Etxetik irteten ikusi dut.
d) Xabier lana amaitzen geratu da.
e) Ordu erdia daramat hemen itxaroten.
f) Zu beti adarra jotzen.