Galdera
Itzulpen batean ondoko hau irakurri dut: Iruñeko hainbat kaletan hotz handia egiten du.
Nik honela esango nuke “Iruñeko hainbat kaleetan hotz handia egiten du”.
Zein da zuzena eta zergatik?
Erantzuna
Iruñeko hainbat kaletan izan behar du, “hainbat” zenbatzaile zehaztugabeak mugagabea eskatzen baitu: hainbat egun eman ditugu Bilbon, hainbat laguni lapurtu diete diru-zorroa, hainbat urtetan ez zaitugu ikusi ere egin… Nahiz eta “hainbat” horrek ugaritasuna adierazten duen, ez du deklinabide plurala egiten, mugagabea baizik.
Hortaz, EZ dira zuzenak: hainbat egunak eman ditugu Bilbon, hainbat lagunei lapurtu diete diru-zorroa, hainbat urteetan ez zaitugu ikusi ere egin…