Irakaslegoa ala irakasleria?

Galdera

“Irakaslegoa” gaizki dago, ezta? “Irakasleria” behar du, ez da hala?

Erantzuna

Irakasle multzoa adierazi nahi dugunean irakasleria erabili behar dugu, eta ez irakaslegoa. Beste aukera bat da plural arrunta erabiltzea: irakasleak. Bi era hauek eman zituen ontzat Euskaltzaindiak 73. arauan: -go atzizkia eta izen multzokariak.

Gaztelaniaren eraginez-edo, asko hedatu dira izen multzokariak: entzuleria, ikusleria, biztanleria, ikasleria… Dirudienez, euskaraz, tradizioz, multzokariak baino gehiagotan erabili izan dira pluralak: entzuleak, ikusleak, biztanleak, ikasleak… Nolanahi ere, okerra dena da, multzoa adierazteko, *entzulegoa, *ikuslegoa, *biztanlegoa, *ikaslegoa… erabiltzea.

Bukatzeko, aipatu behar dizut irakaslegoa, zerbait izatekotan, irakasletza hitzaren sinonimoa dela; hau da, lanbideari egiten dio erreferentzia. Artzaintza eta artzaingoa bikotea bezalakoa da, alegia.

Gogoan izan, beraz, -GO atzizkia lanbidea adierazteko dela, eta ez multzoa adierazteko.

Kategoria Hizkuntza, etiketak , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.