Galdera
Mezu bat idazterakoan askotan honela hasten gara: Kaixo, Irene:
Nola da, ordea, “Kaixo, guztioi:” ala “Kaixo guztioi:”? Egitura honetan koma behar da ala ez?
Erantzuna
Zuk ongi jarri duzun moduan, deiki edo bokatiboa komarekin jarri behar dugu; hortaz, “Kaixo, Irene:” da forma zuzena. Deiki edo bokatiboa NOR kasuan jartzen da eta norbaiti edo zerbaiti deitzeko erabiltzen den hitza da. Maiz, artikulurik gabe ere erabili ohi da: Aizu, adiskide(a), zatoz hona! edo Barkatu, Xabi, hori ez da horrela.
Beste kontu bat da, ordea, zuk aipatutako bestea: “Kaixo guztioi:”. Hor guztioi ez da deikia, isildu dugun aditz baten zehar osagarria-edo baizik: “Kaixo esan nahi dizuet guztioi” edo antzeko zerbait legoke azpian; beraz, tarteko koma hori ez da jarri behar.