Galdera:
Lehen “nire laguna da” esaten genuen. Gaizki dago? Orain “laguna dut” eta horrelakoak entzuten ditut.
Erantzuna:
Biak dira zuzenak.
Halere, galderari etekina ateratzeko, gogoetarako kontu bat aipatu nahiko genuke.
Erdararen eraginez, maiz entzuten eta irakurtzen ditugu honelakoak: “nire gurasoekin joan naiz”, “zure aitaren autoan etorri zara?”, “nire irakasleari galdetuko diot”… Erabat okerrak izan ez arren, euskaraz oso gutxitan dira erabat zuzenak ere.
Euskaraz, askotan ez dago posesiboa erabili beharrik. Nahikoa da “gurasoekin joan naiz”, “aitaren autoan etorri zara?”, “irakasleari galdetuko diot”… esatea. Zenbait testuingurutan beharrezkoak dira posesiboak, jakina, baina batik bat tankera honetako bereizketak egin nahi direnean:
a) Plana egin nuen gaur zure gurasoekin joateko igeriketa ikastarora, baina azkenean nire gurasoekin joan behar izan dut zureak gaixotu egin direlako.
b) Zure aitaren autoan etorri zara? Ez al zinen, bada, nire aitarenean etortzekoa?
c) Nire irakasleari galdetuko diot, eta ez Mikelenari.