Galdera
Ongi deklinatu ahal izateko, jakin nahiko nuke Ziordia herri-izenaren amaierako “a” hori artikulua den ala ez. Eskerrik asko.
Erantzuna
Horrelako zalantza bat dugunean, Euskaltzaindiaren webguneko ONOMASTIKA atalera jo behar dugu eta han kontsultatu. Kasu honetan Euskal Herriko toponimo bat da; beraz, LEKU-IZENAK azpiatalean egingo dugu kontsulta.
Ziordia izena kontsultatuta, ikusiko dugu euskal era arautu moduan Ziordia (-a) agertzen dela. Parentesi arteko (-a) horrek esan nahi du toki-izenaren amaierako -a hori artikulua dela eta ez -a itsatsia; beraz, ez da deklinabide kasu guztietan agertuko. Beste era batera esanda: “a” ez den beste edozein bokalez bukaturiko zeinahi izen arrunten jokaera bera izango du, esaterako “mendi” izenak duen bera jokabide bera. Hona hemen, kasuz kasu:
- Absolutua: mendia / Ziordia
- Ergatiboa: mendiak / Ziordiak
- Datiboa: mendiari / Ziordiari
- Partitiboa: mendirik / Ziordirik
- Genitiboa: mendiaren / Ziordiaren
- Destinatiboa: mendiarentzat / Ziordiarentzat
- Soziatiboa: mendiarekin / Ziordiarekin
- Instrumentala: mendiaz / Ziordiaz
- Motibatiboa: mendiarengatik / Ziordiarengatik
- Inesiboa: mendian / Ziordian
- Leku-genitiboa: mendiko / Ziordiko
- Adlatiboa: mendira / Ziordira
- Adlatibo bukatuzkoa: mendiraino / Ziordiraino
- Norabide zuzenezkoa: mendirantz / Ziordirantz
- Ablatiboa: menditik / Ziorditik