Erredazkioa / 2012-12-06 / 260 hitz
Kanpoko argitaletxeek argitaratu dituzte aleen erdiak baino gehiago, eta aurreko urteetako dinamika irauli dute.
Jakin aldizkariak 2012ko bosgarren zenbakia argitaratu du, 192.a orotara. Joan Mari Torrealdai aldizkariko zuzendariak urtero egin ohi duen legez, 2011ko euskal liburu produkzioari buruzko datuak biltzen dituen artikulu zabala idatzi du zenbaki honetarako.
Joan den urtean, 2.237 liburu argitaratu zituzten euskaraz argitaletxe komertzialek; aurreko urtean baino 214 titulu gehiago. Elkar argitaletxeak 230 argitaratu zituen; hori da ale gehien kaleratu zituena. Dena dela, 2010eko datuekin alderatuz, joera aldaketa nabarmen bat izan da. Izan ere, joan den urtean kanpoko argitaletxeek Euskal Herrikoek baino ale gehiago plazaratu zituzten euskaraz, eta aurreko urteetako dinamika irauli zuten. Erdiak baino gehiago dira kanpoko argitaletxeek atera zituzten liburuak. Torrealdairen aburuz, goizegi da aldaketa horren egiazko garrantzia zein den antzemateko, baina, haren ustez, «ez litzateke harrigarria krisiaren haizeak Espainiaren alde jokatzea».
Argitalpen digitalari dagokionez, 162 liburu izan ziren 2011n, aurreko urtean baino 60 gutxiago. Ez du ezpero zitekeen abiadurarik hartu edizio digitalen formatuak. «Gaur-gaurkoz, ez da apustu ausartik inguruan, akaso errentagarritasun ekonomikorik sumatzen ez zaiolako», Torrealdairen ustez.
Gaiei erreparatuz gero, irakaskuntzaren ingurukoak dira kopuru osoaren ia herena, 721 ale. Haur eta gazteentzako liburuak daude bigarren tokian, 643 titulurekin, helduen liburugintza halako bi baino gehiago. 303 titulu argitaratu dira irakurle helduentzat. Bertsoak eta antzerkiak batuta ez dute %10 biltzen.
Horrez gain, Agnes Cugno filosofoak Indarkeria eta politika artikulua prestatu du aldizkariko Gaiak sailerako, eta Iratxe Perea Ozerin EHUko ikerlariak Feminismoaren jarduera globalizazioaren aurkako mugimenduan idatzi du, sail berean. Bestalde, Egunen gurpilean sailerako, Haizea Barcenillak, Inaki Irazabalbeitia, Goizalde Landabasok eta Josu Larrinagak artikulu bana idatzi dute.