Solasaldi dialogikoak

Zer dira Solasaldi dialogikoak?

Solasaldi dialogikoa jarduera hezitzaile eta kulturala da, emaitza ezin sendoagoak ematen dituena: erabiltzen den metodologiari esker, parte hartzaileek literatura klasiko unibertsaleko obrak irakurriz disfrutatzea lortzen da.

Solasaldi dialogikoen helburuak:

  • Irakurtzeko gaitasuna hobetzea
  • Ahozko adierazpena garatzea
  • Irakurtzeko ohitura bultzatzea
  • Irakurketaren eta Literaturaren alde ludikoa deskubritzea
  • Parte hartzaileengan entzuteko prestasuna sortzea
  • Ikasleen arteko elkarrizketa hobetzea, baita ikasle eta irakasleen artekoa ere
  • Kritikotasuna eta elkartasuna sustatzea
  • Autoestimua handitzea
  • Idatzizko adierazpena indartzea eta hobetzea
  • Ahozko komunikazioaren bitartez sortzen diren ezagutzei zentzua ematea

Metodologia:

Elkarrizketan edo solasean oinarritutako metodologia erabiltzen da. Solasa ikaskuntza- iturri bihurtzen da. Ikaskuntza dialogikoak Paulo Freire pedagogoak eta J. Habermas soziologoak egindako ekarpenak ditu abiaburu, eta hausnarketa, eztabaida, argudiaketa eta parte hartzaileen eguneroko esperientzietan oinarritzen da.

Ikaskuntza dialogikoaren printzipioak:

  1. Solasaldi berdinzalea: Ekarpen guztiak berdintasunean errespetatzen dira. Nork bere iritzia ematen du eta ez da inorena besteenaren gainetik jartzen. Berdintasunezko solasaldiaren bitartez denek ikasten dute, euren interpretazioak besteek emandako argudioak kontuan hartuz eraikitzen baitituzte.
  2. Adimen kulturala: Ez dago pertsona ezjakinik; batzuek gauza batzuk ezagutzen dituzte, eta beste batzuek beste batzuk. Paulo Freireren hitzetan, jendeak gaitasun kognitibo desberdinak ditu, baina ez beste inork baino gutxiago. Denok dugu adimen kulturala, asko ikasi eta ikusi baitugu gure bizitzan zehar. Hortaz, denok gara gai solasaldi berdinzale batean parte hartzeko.
  3. Eraldaketa: Solasaldiei esker, parte-hartzaileek euren buruaz duten ikuspegia aldatzen da. Irakurketa, elkarrizketa eta hausnarketen bidez autoestimua sendotzen dute eta parte hartzeko irrikaz egoten dira.
  4. Heziketaren dimentsio instrumentala: Irakurketan eskuartean dugun testuaren ezaugarriekin topo egiten dugu. Hortaz, eduki akademikoak edo instrumentalez jabetzen gara, ezaugarri horien gainean ere aritzen baikara (garaia, egilea, ohiturak….)
  5. Zentzua eraikitzea: Solasaldien bitartez, irakurleek zentzua aurkitzen diote irakurketari. Zertarako irakurri? galderak erantzun esanguratsua du, iritziak, sentipenak eta pentsamenduak taldekideekin partekatzeko aukera eskaintzen baitie.
  6. Elkartasuna: Solasaldietan denontzako tokia dago. Moderatzailearen lana izango da, batetik, taldekide guztiek parte hartzeko aukera berdinak izatea, eta bestetik, guztien hitzak errespetuz hartuak izan daitezela.
  7. Ezberdintasunen arteko berdintasuna: Partaide guztiak berdinak baina ezberdinak dira. Aniztasun honetatik elikatuz lortzen dugu ezagutzan aurrera egitea, eta nork bere pentsamendua aberastea.

Parte hartzaileak eta zereginak:

  • Irakaslea: oro har, entzule izanen da. Parte hartzen ari den ikasleak bere iritziak argi adierazteko aukera izan dezala bermatuko du, eta beharrezkoa denean, galderak eginen dizkio hari laguntzeko nahi duen ideia plazaratzen.
  • Moderatzailea: zeregin hau ikasle batek beteko du. Bere funtzio nagusia solasaldia moderatzea izanen da, eta, hortaz, hari egokituko zaio ikaskideei txanda ematea. Saio bakoitzean moderatzailea aldatzea komeni da.
  • Ikasleak: Borobil bat osatuz eseriko dira. Haien lana irakurgaiaren zernahiren inguruan aritzea izanen da, txandak eta denen iritziak errespetatuz.

Zer liburu irakurri?

Oro har, Literatura Unibertsaleko klasikoak erabiliko dira. Izan ere, hauen bitartez ezagutuko baitituzte ikasleek giza balore unibertsalak; hauen gaineko eztabaida aberatsa sortuko da, ikaste prozesua bultzatuz eta indartuz. Gainera, testuinguru historikoa hobeto ulertzen lagunduko digute, baita hiztegia eta hizkuntza aberastu ere. 

Gure gizarte globalizatuan inoiz baino behar handia dago munduari buruzko ezagutzan sakontzea, eta Literatura Unibertsalaren historiako obrarik esanguratsuenak irakurtzea tresna ezin hobea da. 

Solasaldiaren antolaketa:

Esan bezala, lehenengo irakurriko den liburua aukeratuko da, ondoren gelako saioetan aztertu eta eztabaidatzeko. Oro har, irakasleak aukeratuko du irakurriko den liburua, nahiz eta ikasleek ere har dezaketen parte hautaketan. Taldean astero irakurri beharreko orrialde kopurua adostuko da.

Jarduera astean behin eginen da, eta, ahal dela, bi orduko iraupena izango du. Ikasleek etxean/ikastetxean irakurriko dute adostutako orrialde kopurua, eta gelara paragrafo bat ekarriko dute azpimarratuta. Solasaldia hasiko da eta moderatzaileak, orrialdez orrialde, inork orrialde horretako paragraforen bat azpimarratu ote duen galdetuko du. Ikasleren batek baietz erantzuten badu, txanda emanen zaio paragrafo hori azpimarratzeko izan dituen arrazoiak zein diren azaltzeko. Gainerako ikasleek, beti ere txandaka, haien iritziak emateko aukera ere izanen dute, hartara elkarrizketa aberasgarria sortuko da. Irakaslea sortutako zalantzak argitzen saiatuko da, eta ezagutzan aurrera egiteko laguntza eskainiko du, baina ez du inoren iritziaren gaineko baloraziorik eginen.

Liburuaren irakurketa bukatutakoan, partaide guztiek ahozko balorazioa eginen dute.

Kontaktua eta helbidea:
Miren Oteiza

EIBZ
Zubiarte, 13
31620 Uharte
Tel. 848 43 1018 (EIBZ)                                                                                                            848 43 10 21 (Miren Oteiza)
eibz.liburutegia@educacion.navarra.es