Jon Rejado / 2013-10-19 / 589 hitz
Choklerek uste du ez duela zentzurik umeen haur eskolarako egokitzapen aldiak iraupen jakin bat izateak; funtsezko prozesu hori egiteko ume eta familia bakoitzak bere denbora behar duela azaldu du.
Hik Hasi pedagogia elkarteak Familia eta eskola: haurraren garapen osorako harremanak jardunaldiak antolatu ditu gaur Donostian. Umea inguratzen duten aipatu bi alderdi horien arteko harremanak azalduko dituzte, eta horiek umeengan duten eragina aztertuko. Myrtha Chokler Psikologian doktoreak, psikomotrizistak eta Pikler pedagogian adituak hitz egingo du bertan. Choklerrek haur bakoitzaren berezitasuna errespetatzearen garrantzia nabarmendu du, baita eragile guztiek elkarren artean ezagutzeko denbora aldarrikatu ere.
Haur eskola gehienetan egokitze aldi ofiziala bukatu da. Ordea, ume batzuentzat oraindik aste batzuk igaroko dira hori gertatzen den arte. Zer garrantzi du prozesu horrek?
Nire ustez, ezin da ezarri egokitzapen etapa ofizial bat, denboran zehaztuta. Ume bakoitzak denbora tarte berezi bat behar du bere egokitzapena egiteko. Prozesu hori ondo egitea oso garrantzitsua da umeak eskolarekin izango duen harremanerako, hezitzaileekin izango duenarentzat.
Eta ondo egiten ez bada…
Egoitza batean bizitza onargarria egitera ohitzen dira batzuk, baina ez dakigu zeren lepotik. Gizakiaren jokabidea ez ulertzearen isla da sufrimendu hori. Inork ezin du horrek duen eragina neurtu. Sufrimendu maila hori. Gaixotasunera eraman gaitzakeen egokitzapen pasiboa.
Gaixotasunera?
Gero harritu egiten gara eskoletan zenbat umek dituzten arazoak, arreta faltaren nahasmenduengatik besteak beste. Hori gertatzen da pentsatzen dugulako umeek adin jakin batekin gauza jakin bat egin behar dutela. Gure pentsaeraren oinarrian dago umeak beharrik batere gabe jaiotzen diren sinesmena.
Nola kudeatu beharko lituzkete familiek eta haur eskolek egokitzapen hori?
Denbora eta espazioak eman behar dizkiote elkarri, elkarren ezagutza errazteko. Harremanetan jartzeko. Familiak bere asmoak eta nahiak ezagutarazteko aukera izango du, baita eskolak ere… Baina hori gerta dadin, elkar ezagutza funtsezkoa da. Familiaren eta eskolaren arteko konfiantza ez da dekretuz ezartzen.
Familiek eta hezitzaileek alor batzuetan hainbat irizpide badituzte, nola bideratu daiteke?
Familia bakoitzak bere itxaropenak ditu, baina eskolara heltzean, hogei ume daude. Hogei familiaren itxaropenak. 40 iritzi dituzten 40 guraso, eta aitona-amonak eragiketan sartuz gero, zer esanik ez. Denbora behar da adostasunak lortzeko.
Familia eta eskolaren topaleku horiek haur eskolek izan behar al dute?
Eskolak dituen azpiegituraren araberakoa da. Prestatzen dituen guneen araberakoa. Lantaldearen araberakoa. Egindako gogoeten araberakoa, inguruko komunitatea kontuan hartuta. Ulertu behar da prozesua luzea eta zaila dela, eta arreta handia eskatzen duela. Umeak ordu asko daude eskolan, eta merezi du horretan arreta jartzea.
Gizarteak umeak gero eta gazteago eskolaratzeko beharra sortu al du?
Gizarte batean non familiek lan egiteko eskubidea duten eta lan egiten duten, komunitatearen laguntza beharko dute seme-alaben ardura har dezan ordu batzuetan. Garai batean zaintzarekin lotu zen zerbitzu hori, baina nolabaiteko utzikeriaren iruditik ihes egiteko beste muturrera igaro ziren egoitza horiek.
Zein da mutur hori?
0 eta 3 urte arteko umeentzako lekuak ikuskizun guneak izango balira bezala egituratu ziren, eskolan egongo balira bezala: dantza, musikoterapia, informatika, ingelesa… 3 urterekin bertatik ateratzean laneratzeko agiri ofizial bat jasoko dutela ematen du.
Horrek guztiak eraginik ba al du?
Nire ustez, horrek haurtzarorako eskubidea lapurtu die ume askori. Umeek aurrerago ikasi zitzaketen gauzak ahalik eta azkarren ikasteko asmoa sortu zen, oraindik heldu gabe zeudenean. Ikaskuntzak aurreratzen saiatzen ari dira, eta, gure ustez, ikasketak aurreratzea porrotak aurreratzea da.
Zergatik?
Psikologikoki eta neurologikoki heldu gabe dagoen ume bati bere gaitasunekin bat ez datorren zerbait irakatsi nahi izatea egoera behartzea da. Ezagutza gutxi dago haur hezkuntzari buruz.
Ezagutza hori sustatze aldera, haur eskolen eta familien arteko harremana indartu beharko litzateke?
Komunitate bat dagoela pentsatzen badugu, eta haurren heziketa komunitateari dagokiola pentsatzen badugu, hala beharko litzateke, ideia bateratuak izateko. Komunitateko partaide bakoitzak rol ezberdinak izango ditu, baina ideiak partekatuko dituzte, kalterik ez egiteko.