Obrak

Arantxa Iturbe / 2012-09-16 / 241 hitz

Ez dakigu ezertan. Horregatik behar dugu norbait galtzabarrenak bilduko dizkiguna luzeegi erosiz gero edo bizikletari gurpila aldatuko diona zulatzen bada. Iturriari jarioa hasten zaionean, linterneroari deia; pertsiana ez atzera ez aurrera geratuz gero, pertsianeroari, eta bonbila aldatuta ere argirik pizten ez bada, elektrizistari. Osasun urjentziatarako zenbakiaren alboan zerrenda amaigabea osatzen dute etxeko osasunarentzat ezinbesteko diren zenbakiek: nori deitu labadora hondatuz gero, nori berogailuak soinu arraroak eginez gero, giltzak ahaztuz gero nora, leihoan zirrikitua sumatuz gero. Edozein drama domestikok behar du konponbiderako bere zenbaki egokia.

Eta eurek badakite. Badakite ez dakigula ezertan. Badakite behar ditugula. Badakite ezinbesteko ditugula. Badakite. Horregatik sartzen dira gure etxeetan egoera menpean duenaren jarreraz. Halako «ni gabe ez zara inor» pausuz. Horregatik erantzuten digute «pare bat egunetako lana» izango dutela, guk gure ezjakintasunean begi larriz «konponbiderik badu?» galdetzen diegunean.

Buzodunak dira. Erreparaiezu pare bat egunetako lanean beharrean luzerako hasten direnean. Obrak hasten dituztenean. Zeuk eskatuta. Zeuk aginduta. Oso denbora gutxira jabetuko zara eurek badakitela egiten eta, batez ere, badakitela eurak direla egiten dakiten bakarrak. Eta egiten dakienaren begiz begiratzen dizutela, zuri, ezer egiten ez dakizun horri. Eta zuk, irribarre egingo diezu, badaezpada, ez dezaten zehar-begirada txarrik irakurri zurean, eta lan asko duten aitzakian zurerik egin gabe aldegin.

Ezer ez egiten jakiteak menpeko bihurtu gaitu. Obrak egitea erabaki baduzu, onartu epeak gehienetan ez direla beteko, aurrekontuan seguru asko ezustekoren bat izango duzula eta, batez ere, onartu zuk ez dakizula ezertan.

Eta animo. Ez etsi. Eurek badakite zertan ari diren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.