Sarrera

MOTIBAZIOA SUSTATZEKO BALIABIDEAK

Zer da proiektu hau? Zer lortu nahi dugu?

Eskuartean duzun egitasmo hau DBHko ikasleen euskararekiko motibazio baikorra lantzeko jarduera bilduma da.

Baliabide sorta hau irekia da, hau da, ikastetxeetan egiten den aplikazioaren arabera moldatu, egokitu eta eguneratuko da. Irakasle bakoitzak duen ikasle kopuruaren, ikasmailaren eta ikastetxeko egoeraren arabera egokituko du hautatutako jarduera bakoitza. Arrazoi hau dela medio, ez dugu denboralizaziorik zehaztu. Halaber, ariketa bat gelaratzea erabakitakoan, sortzen zaizun edozein zalantza argitzeko edo gure aholkua jaso nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan.

Ikasleen jarrera baikorrak bultzatu nahi ditugu. Euskararen egoeraren jabe egin daitezen, dituzten bizipenetan eta esperientzietan oinarrituko dira, hau da, ikasleek pentsatzen eta sentitzen dutena azaleraztea bilatuko dugu. Motibazio kontzientetik abiatu eta hizkuntzaren erabileran eragiten duten faktoreen garrantziaz ohar daitezen nahi dugu. Gauza konplexua dela ulertzera iritsi behar dute gure ikasleek, eta hari-mutur ugari dituena.

Nola eginen dugu?

Zer transmititu eta nola oso garrantzitsua iruditzen zaigu; beraz, hainbat elementu nabarmendu nahi ditugu.

Ikasleen gogoeta zein hizkuntza jokabideen gaineko hausnarketa ahalbidetzeko guk proposatzen dugun lan egiteko metodologia talde dinamikan edo elkarrizketan oinarritua dago. Horregatik, eskertuko dizugu zuk ahalik eta gutxien hitz egitea eta gelako jolas giro ludikoa suspertzea; horren ondorioz, ikasleen barne emozioak zein sentimenduak aiseago aterako baitira.

Giro goxo, lasai eta askea sortze aldera tutoretza orduak erabiltzea gomendatzen dizugu. Beraz, gela barruko ariketak aurkezten dizkizugu motibazioan eragiteko .

Aipatutakoaz gain, ikasleen ekarpenak ez epaitzeko eskatu nahi dizugu. Ongi eta gaizki zer dagoen esan beharrean, adituek diotenarekin kontraste teoriko-zientifikoa egitea komeni da. Jakintza soziolinguistikoaren bidetik erakarri behar ditugu ikasleak euskarara eta hori lortzeko, gure usteak eta aurreiritziak alde batera utzi behar ditugu.

Bukatzeko gogoratzea, hizkuntzekin ditugun bizipenak anitzak direnez, guztion bizipenak hartu behar ditugula kontuan, denon artean eraikiko ditugulako jarrera baikorrak.

Beraz, lan hau auzolanaren emaitza denez, blog hau hobetzea zure esku dago. Parte hartu eta eman zure iritzia; beste ariketa bat proposatu nahi badiguzu ongi etorria izanen da; hobetzeko bururatzen zaizun edozein ideia (edukia, diseinua, elkarrekintza…), laguntza nahiz ekarpenak poz-pozik hartuko ditugu.

 

3 erantzun “Sarrera” bidalketan

  1. Blogean proposatzen diren ekitaldi guztiak erakargarriak eta interesgarriak ikusten ditut. DBHn egiteko primeran daude eta nahiz eta LHko edozein mailatara egokitzea posiblea den, batzuk heldutasun puntu bat eskatzen dute, nire ustez.
    Ni LHko 2. mailan aritzen naiz aurten. Maila honetarako errazago egokitzeko ikusten ditudanak honako hauak dira:
    Gurpil bikoitza.
    Ikastetxearen erabilera mapa.
    Ideia aproposa iruditzen zait tutoria saioa halako ekitaldiak aurrera eramateko. Esperientziaz badakit ikasleei asko gustatzen zaiela tutoria saioa. Haien kezkaz, desadostasunez, haiekiko jokaera onez edo txarrez, dauzkaten gauza onez, euskararen erabilpenarenaz… hitz egiteko. Helduago sentitzen dira, hobeki ezagutzen eta errespetatzen dute elkar eta ondorioz gelako giroa lasaiago eta positiboago bihurtzen da.
    Halako ekitaldi erakargarriak sartzen baditugu, nik pentsatzen dut arrakastatsuak izango direla.

  2. Pingbacka: DBHko ikasleen euskararekiko motibazioa lantzeko jarduera bilduma | B06 Normalkuntza Bloga

  3. Pingbacka: Euskara Atalaren, EIBZren eta Zubiarte euskaltegiaren 57. buletina |

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude