Ibilbideen ikuspegia
Ikasleen hizkuntza atxikimendua eta motibazioa lantzeko modua ibilbide gisa irudikatu dugu, alegia, ikasleek irakasleen laguntzarekin egin dezaketen bide gisa, bukaeran euskararekiko bizipen, sentimendu eta loturak hobeki ulertzeko baliabideak izan ditzaten.
Izan ere, jarrera, jokabide eta ohituren aldaketa prozesuak dira, ez unean uneko erabakiak. Horregatik esku-hartzeak prozesuan zehar jarraitzea eskatzen du eta intentsitatearen eta iraupenaren arteko oreka lortu behar du. Ohitura berriak ez dira automatizatzen aldeko estimuluak errepikatzen ez badira.
MSBn egiten dugun proposamenean “jarduerak” deitutako saioek atxikimendua eta motibazioa lantzeko ardatz zentrala osatzen badute ere, helburua lortzeko, hezkuntza zentroaren ekosistema osoa zaindu behar da. Hori da “Ikaslearen ibilbide osoa” irudian erakutsi nahi izan duguna:
- Zenbakiak mailaz mailako jarduerak dira (irakasleek diseinatutako saioak). Lau koloreek proposatutako lau kategoriak irudikatzen dituzte: hiztuna, ingurune hurbila, kulturaren transmisioa eta hizkuntzen ekologia.
- Letrek bestelako esku-hartzeak irudikatzen dituzte: “girotzekoak” atalean biltzen ditugun esku-hartze motzak, herriko eragileek sustatutako ekimenak, Korrika edo Euskaraldia bezalako ekitaldiak… Helburua da ikasleen motibaziorako elikagaia den oro kontuan hartzea, emaitzetan eragina izanen duelako.
- Ikasturte guztien hasieran “prebentziozko esku-hartzeak” kokatu ditugu, garrantzitsua baita gela erabilerarako espazio segurua izatea eta hori ezin da egintzat eman, ikasleei esplizitatu behar baitzaie (ikus: Prebentziozko esku-hartzea).
- Azkenik, galdetegiak ibilbidearen zenbait unetan kokatu ditugu, esku-hartzeen baloraziorako eta ikasleen atxikimendua eta motibazioak neurtzeko beharrezkoak baitira.
Esan bezala, hezkuntza zentroko ekosistema osoari begiratu behar zaio eta horretan garrantzitsua da irakasleen jokabide eta erantzun bateratu eta koherenteak adostea.
Azkenik, azpimarratu behar da atxikimendua eta motibazioa lantzeko edozein esku-hartzek ikasleen komunikazio gaitasunen lanketaren eskutik joan behar duela (ahozko gaitasuna eta erregistro informalak bereziki), hiztunak komunikatu nahi duena arrakastaz ezin komunikatzeak edozein atxikimenduren eta motibazioren kontra eginen baitu.
Irakaslearen bideratze lana
Ikasleen hizkuntzarekiko motibazioan eragiteko jarduerak gela barruan gauzatzea proposatzen da, irakasleak bideratuta. Helburua lortzeko, garrantzitsua da irakaslearen lan egiteko moduari ere erreparatzea:
- Talde dinamikan edo elkarrizketan oinarritzea.
- Irakasleak ahalik eta gutxien hitz egitea.
- Ikasleen barne emozioak zein sentimenduak aiseago ateratzeko, gelako jolas giro ludikoa, lasaia eta askea sortu eta suspertzea.
- Ikasleen ekarpenak ez epaitzea. Irakasleak esan beharrean zer dagoen ongi eta zer gaizki, adituek (psikolinguistikan, soziolinguistikan…) diotenarekin kontraste teoriko-zientifikoa egitea. Jakintzatik erakarri behar ditugu ikasleak euskarara eta hori lortzeko gure usteak eta aurreiritziak alde batera utzi behar ditugu. Hizkuntzekin ditugun bizipenak anitzak direnez, guztion bizipenak hartu behar ditugu kontuan, denon artean eraikiko ditugulako jarrera baikorrak.
- Jarduerak tutoretza orduetan edo jardueren arabera aproposak izan daitezkeen beste ikasgai batzuetan burutzea.